Berdinen arteko tratu txarrek biktimaren eskubideak urratzen dituzte, eta bereziki osotasun fisiko eta psikikoa. Ez da, beraz, kontu pribatua, hezkuntza kontua da, publikoa ( ahaztu gabe publikoa ere politikoa dela). Euskadiko Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak 2012 urtean egindako ikerketan azpimarratzen da arazoa ez dela modu isolatuan ematen den portaera sorta, arazoa ikasleen garapen pertsonal eta sozialean eragina duten bizikidetza arazoen adierazpena da, eta eskolako emaitzetan, norberaren izaeraren garapenean, eta geroko integrazio sozialean zerikusia du. Ez dugu Nafarroan ikerketarik egin ote den berririk, baina datuak eta ondorioak Euskal Herriko eskola guztietarako baliagarriak direlakoan gaude.
Estatu Espainoleko datuen arabera asko dira dira noizbait tratu txarren egoera batean egon diren ikasleak, erasotzaile edo erasotu moduan. Gainontzeko jazarpenekin alderaturik jazarpen lesbohomofobiko eta transfobikoak hainbat ezaugarri ditu: hezkuntzan ematen den homosexualitate, lesbianismo eta transexualitatearen inbisibilitatea, estigmaren kutsatze-arriskua, (eta ez soilik ikaskide lesbiana eta gaientzat, baita laguntzen dutenentzat ere), eta homolesbofobiaren normalizazioa, eta honek norberaren kontzeptuaren eraketan eragin negatiboa du. Biktima edozein izan daiteke, ez da beharrezkoa ezaugarri jakin batzuk izatea, aski da erasotu nahi duen horrek diferente ikustea.
Bortizkeria sinbolikoa bisibilizatzea garrantzitsua da, tratu txar leunak, eta askotan erasotzat hartu izan ez diren portaerak ( zoritzarrez hainbatetan “normaltzat” hartzen direnak) ere bai. Ikasleak ez dira egoeraren larritasunaren jabe, eta ez dute ikusten ikaskideek bazterkeria eta bortizkeria jasaten dutela. Legeak zehazten duena beteko bada, ikasleen formazioak integrala behar du izan, eta gai guztiak jorratu behar ditu; maitatzeko eta desiratzeko aniztasuna – eta horiekiko errespetua ere - ezinbesteko langaiak dira, beraz.
Hala ere, genero identitatea eta sexu aniztasuna gutxitan lantzen dira ikasgeletan, irakasleek ez dute gaia jorratzen modu zuzenean. Bestelako hezkuntza eredua behar dugu, aniztasun sexualari modu trasbertsalean heltzen diona, ikasgelan ere gaia lantzen duena, eta edozein bortizkeria, bazterkeria eta jazarpen mota ekiditeko behar adina neurri eta esku hartzen dituena. Irakasleen etengabeko formazioa ezinbestekoa da (teknika pedagokikoen ezaguera hutsetik haratago doana) ikusten eta antzematen ikasteko, baita gure eguneroko jardunean ere. Homolesbofobia eta edozein bazterkeria detektatzea, eta gelditzea, baliabide eta formazioaren menpe daude neurri handi batean. Irakasleak garen heinean berdintasunean hezteko erronkari egoki erantzuten ote diogun galdetu behar diogu geure buruari. Jakin badakigu irakasle eta orientatzaile askok LGTB ikasleentzat hoberena egingo luketela, baina ikastetxeetan ez dituzte beharrezkoak diren bitartekoak eta laguntzak aurkitzen. Neurriak hartzen diren ikastetxeetan, jazarpen kasuek behera egiten dute nabarmen.
Hezkidetzaren aldeko apustua egin dugu urte luzetan. Maiatzaren 17an Homofobia, Lesbofobia, Bifobia eta Transfobiaren Nazioareko Eguna da, eta momentu egokia da ikasleekin batera eskoletan bizi dugun aniztasun sexuala lantzeko. LGTBI kideek hezkuntza sisteman bizi duten egoerak berariazko lanketa behar duela ikusi dugu STEE-EILASen, eta LGTBI taldea sortu dugu sindikatuan. Datozen egunetan unitate didaktiko berria igorriko dugu ikastetxeetara aniztasuna, enpatia, eta laguntza eskatzeko eta emateko edozein pertsonak izan behar dituen baliabideak lantzeko. Gure helburua da, azken finean, ikasleen garapen pertsonal eta sozialean trebatzen laguntzea.