Honek erabateko eragina izango du bai hezkuntza sistema propio baten garapenean bai formakuntza integralean eta berdintasunean oinarritutako eredu pedagogiko bati eusteko orduan ere.
Hezkuntza eragileen eta jendartearen kontrako jarrera nabarmena izan den arren, gure erakundeek ez dute behar bezala erantzuten jakin izan. LOMCEren ezarpena aurten hasiko da Euskal Herriko ikastetxeetan. Nafarroan, Hezkuntza Sailburuari behin eta berriz entzun diogu LOMCE ez dela berak proposatuko lukeen legea, “sistema propioa”ri eutsiko diola, “nafar erara” aplikatuko duela edo derrigorrezkoa delako ezartzen duela. Adierazpen horiek guztiak esan arren, ikasturte hasieran legea bere osotasunean martxan egoteko adina baliabide jarri ditu. Eta hori Lehen Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako kurrikulumak argitaratu gabe daudenean eta irakasleriak zer egin behar duen jakin gabe dagoela. EAEn ere abiadan jarriko dira legearen eremu oso esanguratsuak: Erlijio katolikoaren edo bere ordezko ebaluagarriaren bidezko adoktrinamendu ideologikoa, Inguruaren ezagutzaren banaketa eta Lehen hezkuntzako 3.ko froga. Etorkizunean lege honek dakartzan neurri atzerakoien ezarpenak ez omen du oztoporik aurkituko gurean inposatua izateko: Lanbide Heziketan atzerapausua, errebalidak, parte hartzearen mugatzea, zuzendarien aukeraketa…
Gure agintariek LOMCEren aurrean duten jarrera ikusirik, borroka hasi besterik ez da egin. Ikastetxeetan erresistentzia eta intsumisio jarrerak bultzatuko dira, eta ikustear dago Hezkuntza Sailek hauen aurrean hartuko duten jokabidea. Hala ere, ez dago bermatua eskolek beraien lana behar bezala burutzeko girorik egokiena.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak agerian utzi zituen bere asmoak HEZIBERRI 2020 proiektua martxan jartzearekin batera, honek LOMCEri aurre egingo ez diola argi utziz. Zaila dirudi, langilegoaren legezko ordezkariak baztertuta egonik gainera, gainontzeko eragileek adostutako curriculumaren eta eredu linguistikoen adostasunak aurrera eramatea legeari aurre egin gabe. Urrian ezagutuko ditugun agindu curricularren ziriborroek zirt edo zart egin beharko dute, datorren ikasturtean aplikatuko baitira. Ereduen inguruan Sailburuak legea gurean ez dela aplikatuko esan du… lehendik aplikatzen ari zelako. Etorkizunean ezin izago dugu euskara ardatz izango duen eredu bakarra ezarri. Sailaren asmoa behin behineko neurriak hartzea da (B eredua batxilergoan eta A ereduaren indartzea). Alferrikako neurriek ez dutel lortuko ez euskararen gaitasuna handitzea ez aukera berdintasuna bermatzea. Nafarroan Gobernuak ez du inolako aldakatarik onartzen “Ley de Vascuence” delakoan, Nafarroako ikasleria osoari euskeraz ikasteko aukera bermatu gabe. Aldi berean, kasu askotan ikastetxearen borondatearen kontra, ingelesezko programak ezartzen ditu nonahi. Programa horiek aurrera eramateko beharrezko irakasle kualifikatu, planifikazio edo ebaluazio nahikorik ez egoteak desadostasunak eta helegite judizialak ekarri dituzte; udan zehar programako arduradun gehienek ere bere dimisioa aurkeztu dute.
Hezkuntza eredu berriaren eraikitze bidean gainontzeko eragileek sindikatuon parte hartzea bermatu nahi izango lukete, akordioak zilegitasun handiagoa izateko. Bitxia bada ere, ez Nafarroan, ez EAEn , ez gaituzte mintzakide bezala nahi hezkuntza kontuez aritzeko. Nafarroan, negoziazio mahaiak bilera tekniko bihurtu dute. EAEn antzeko zerbait ari da gertatzen itundutako irakaskuntzan eta lan gatazkari irtenbidea bilatzeko orduan soilik Kristau eskolarekin negoziatzen duten. Zerbait al dute ezkutatzeko? Hezkuntza sistemaren finantziaketak, oinarrizko kontua da, argia behar duen kontua, eta kontrako bidean ari dira.
Sarritan ahaztu egiten zaigun arren, hezkuntzako langileentzat ere hasten da ikasturtea. Hauen lan eskubideen galerak (erretiroen eskubideetan, bajetan, baimenetan, eskola-orduen areagotzea Nafarroan…) luze dirau, baina administrazioaren negoziazio kolektiborako asmoa hutsaren hurrengoa da sektore ezberdinetan. Lansarien murrizketak 2010an hasi baziren ere, eta horren ondorioz sortutako eroste ahalmenaren galera jasangaitza izanik, larriagoak diren kontu askok konponbide gabe jarraitzen dute: Hezkuntza Bereziko Langile Laboralen hitzarmena ez da 2003tik berritu, esaterako. EAEko Sailburuaren lidergo eza izugarria da arazoei aurre egiteko garaian; bestealdera begiratu, zerikusirik izango ez balu bezala ea bakarrik konpontzen diren .
Murrizketa politikek hezkuntza zerbitzuari berari ere eragiten diote zuzenean, eskolek urtez urte baliabide gutxiago dutelako. Neurri hauetako askok (ordezkapen ezak, ratioen areagotzeak, EPE ezak, Hezkuntza Laguntzen galtzea, formakuntzarako irizpide berriak…) zuzenean eragiten dute zerbitzuaren galeran, eta gainera, ondorio laboral larriak dituzte, batez ere lanpostua galtzen dutenentzat (2.000 baino gehiago), baina baita beraien lan-zama handitua ikusten dutenentzat.Honegatik guztiagatik, bake sozialaz hitz egiteak ez dauka zentzurik eta sektore guztietan gatazka irekia dago (EAEko kontzertatua, Nafarroako publika) edo eztalita daude.
STEE-EILASek urtez urte salatu du gure erakundeen konpromiso eza hezkuntza publikoarekiko; jarrera honek oinarri ideologiko garbia du, eta agerian geratzen da zerbitzu publikoak kudeatzeko moduan. Pribatizazio nahiak eta eskola publikoan ematen ari den estigmatizazioa aurrean (estratu sozioekonomiko baxuen eskola nahi dute bihurtu) erakundeek agertzen duten geldotasunak egoera okertu egiten du gastu publikoan ematen den murrizketa egoerak. Eskaintza publikoa ere ez da bermatzen. Benetako dohakotasunera hurbildu beharrean, kopago nerriak ezartzen dituzte, hezkuntza zerbitzuetan batez ere. Ikusteke dago Jaurlaritzak Haurreskoletako kuoten sisteman datorren ikasturtera begira aldaketak egiteko duen konpromisoa betetzen duen. Ikasturte honetan egingo diren hauteskunde sindikaletan sindikatu bakoitzak garbi hutsi beharko du aipatutako gai bakoitzaren ingurko jarrera eta proiektu bakoitzaren argi-ilunak agerian geldituko dira.
Aurreko ikasturtean murrizketek jarraitu zuten (ratioen areagotzea Hezkuntza Berezian, helduentzako hezkuntzan, azpiegituren plana…), eta itxura guztien arabera, murrizketa berriak izango ditugu gainean dugun ikasturtean. Hilabete barru bai Nafarroako eta bai EAEko aurrekontu proiektuak ezagutuko ditugu. Zoritxarrez, aurreikuspenak ez dira batere onak, administrazioek beharren gainetik gastu publikoa murriztea ipiniko baitute. Lana eta familia bizitza kontziliatzeko banatzen ziren dirulaguntzekin gertatutakoa aurrekari bat da. Murrizketekin jarraituko dute, eta murrizketa hauek ikustezin bihurtu nahian. STEE-EILAS bertan egongo da zalatzeko.