Aurkeztutako Curriculum dekretuak aztertu beharko dira, baina itxura guztien arabera LOMCEren babespean garatuko dira, lege honen edukiak bertan txertatuz. Beraz, goitik behera arbuiagarriak iruditzen zaizkigu atzera pausu izugarria baitira. Gure ustez, agerian geldituko da Jaurlaritzak LOMCEarekiko eraman duen mezu bikoitza. Gizarteari begira LOMCEren kontrako adierazpenak egiten dituen bitartean edo legearen hainbat atalen kontra helegitea jartzen duen bitartean
• LOMCE legea dagoenekoz ikastetxeetan sartu du joan den irailetik. Tamalgarria deritzogu Hezkuntza Sailak, azken asteotan ikuskaritzaren bidez, LOMCE aplikatzeko ikastetxeekiko hartu duen presio egiteko jarrerari.
• LOMCEri “aurre egiteko ekimena” (HEZIBERRIko hasierako plangintzan jasotako helburua) bultzatu beharrean, babesa eman dio Madrilgo Gobernuari ezer gutxi aportatzen ez duen paktu bat sinatuz. Horrekin, euskararen normalizazioa eta kohesio soziala oztopatu, besterik ez du egingo.
• HEZIBERRI 2020 proiektuak bereak egiten ditu LOMCE barruan jasotzen diren atal batzuk. Modu honetan ikus dezakegu PNVren hezkuntza proiektua PPk planteatzen duenarengandik nahiko hurbil dagoela. Bereziki larria da bertan publikotasunaren aldeko konpromisorik agertu ez izana. Hau da, Euskal Eskola Publikoaren Legetik, sare publikoa eta sare pribatua zaku berean sartuko dituen Euskal Hezkuntza Lege batera pasako gara, LOMCEk eskatzen duen bezala. Horri lotuta, itunpeko sarearen finantziazio ereduaren aldaketa sartu nahi digute, desberdintasunaz eta jarrera baztertzaile eta segregatzaileen inguruan sakoneko hausnarketarik egin gabe. Agian horregatik ez gaituzte ikusi nahi HEZIBERRIn.
Arrazoi hauengatik guztiagatik, HEZIBERRI 2020 barruan ematen ari den prozesu honi guztiari ez diogu inongo zilegitasunik ematen: guztion parte-hartzea ez duelako bermatzen, LOMCEren aterpean garatzen delako eta irakaskuntza publikoa kaltetu egiten duelako pribatizazioaren aldeko apustu garbia eginez.