“LOMCE gurean da, Heziberriri esker”

Erabiltzailearen aurpegia STEE-EILAS 2014ko urr. 30a, 07:00

Heziberri proiektua, gure hezkuntza sistema babesteko proiektua omen da Cristina Uriarteren hitzetan. Bitxia da proiektu parte hartzaile gisa saltzen den honetatik langileon ordezkariok kanpoan geratu izana.

Gu geu gara, langileok, plangintza hau guztia ikasgeletan aurrera eraman behar dugunok. Aldiz sare pribatuko patronal guztiek zer esan asko izan dute ibilbide guzti honetan (Kristau eskola, Partaide...). Heziberri2020ri dagokion lehenengo zatia, marko pedagogikoa, onartua izan ondoren orain curriculum dekretuak aurkeztu zaizkigu, eta Hezkuntza Sailak berrikuntza gisa saldu nahi du "alor pedagogikotik administratibora eraiki dela”.

Ez dugu uste gure iritzi soila ematea proiektuan parte hartzea denik, parte hartzea beste modu batean ulertzen dugu. Hezkuntza Sailak, gainera, hezkuntza komunitatean akordioa balitz moduan salduko du. Ez litzateke hau egin duen lehenengo aldia izango. Orain arte eginiko ibilbidean jasan dugun bazterketa onartezina izan bada, are eta ulergaitzagoa egiten zaigu abian den hirugarren fasetik baztertuak izana, hezkuntza sistema eredu berria erabakiko baita. Beste gai askoren artean finantziazio eredu berria erabakiko da. Eta balizko akordio hau, ez dagokio sare pribatuari soilik, hezkuntza komunitate osoaren akordioa behar da.

Heziberriren hasierako plangintzan LOMCE-ren aplikazioari aurre egitea jasotzen zen arren, helburu hau ez da inondik inora lortu. Ministerioarekin lortutako akordioa hutsaren hurrengoa izan da, akordio partzialak besterik ez dira izan eta ez dakarte LOMCEren inguruko aldaketa esanguratsurik. Hizkuntzen trataeran lortutako sasi-akordioak eredu linguistikoen sistema betikotzen du, normalizazioa linguistikoa oztopatuz eta ondorioz ereduen sistemak sortzen duen ikasleen segregazioa mantenduz. Laburtuz, gure ikasleek Wertik arazorik ez sortzeko moduko españolizazio maila izan behar dute.

Heziberrin jasotako edukiak aztertu eta gero ateratako ondorioa ezin garbiagoa da. Heziberrik bidea ireki dio LOMCEren ezarpenari euskal hezkuntza sisteman. Troiako zaldia bailitzan, Hezkuntza Saila LOMCEk jasotzen dituen eduki asko modu ezkutuan sartu ditu. Bereziki:

- Bi abiaduratako hezkuntza sistemaren egonkortzea dakar, abiapuntu eta helburu ezberdinekin. Euskal Hezkuntza Legeak aterpe juridikoa emango dio hezkuntza sistemaren eremu zabal bati, jendarte banaketa dakarten ereduak, jarrera baztertzaileei berme legala emanez. Horretarako ikastetxeen “nortasun propioa” deiturikoa eta autonomia proiektua erabiliko dira. Bereziki aipagarria da kontrol mekanismoak sare publikoko ikastetxetarako solik proposatzen direla. Sare publikoko ikastetxeak ataka larrian geratuko dira, ez baitago administrazioaren aldetik bere eskolak indartzeko asmorik. Herri ikastetxeetan, azken urte hauetan eginiko murrizketa bortitzak, horren adibide dira.

- Proiektuen bidezko finantziazio onartzen da. Eredu hau sare publikorako eta pribaturako izango da baliagarria. Egungo egoerarekin ezin da bermatu aukera berdintasuna, abiapuntuak ezberdinak baitira gai askotan: ikasleen onarpen prozedurak, irakasleen kontratazioa, kudeaketa eredua, eta proiektuaren zilegitasuna bera ere ez da berdina sare batean edo bestean.

- Kanpo ebaluazioa onartu eta lehentasun estrategiko bezala ezartzen da, eta honek irakaskuntza prozesu guztia baldintzatzen du.

- Eliza katolikoaren pribilegiozko tratua bermatzen da. Elizak berak garatuko du bere curriculuma, administrazioak berak zer esanik ez du izango, eta ikasleen espediente akademikoan beste ikasgaien baliokide izango da. Honez gain, ebanjelioaren izenean ematen den irakaskuntza admistraziopeko izatera pasako da.

- Aniztasunerako lekurik ez dago Heziberri barruan. Ikasle guztiek tituluen lorpenerako azterketa berberak gainditu beharko baitituzte. Bereziki larria iruditzen zaigu gainera Hezkuntza Sailak, adibidez, matematiken banaketaren inguruan egiten duen irakurketa. Desberdinak berdin tratatzean, desberdintasunak areagotzen ditu.

Aurkeztutako curriculumak guztiz mugatuta jaiotzen dira, LOMCEk berak, errebaliden bidez irakaskuntza prozesua baldintzatzen duelako. Hezkuntza Sailak garatutako gaitasunen bidezko edukiek zentzua galtzen dute.

Baliteke eztabaida kontzeptu zehatz batzuen inguruan garatzea (Euskal Herria hitza adibidez), aipatu ditugun beste garrantzi handiko kontu asko bigarren maila batean geldituz. LOMCE lege zentralizatzailea da, curriculum “españolizante” bat ezartzen duena, baina batez ere lege pribatizatzaile batez ari gara, jendarte kohesioaren kontra zuzen jotzen duen lege bat. Hezkuntza Sailak, zori txarrez, LOMCE bere egitea erabaki du Heziberriren bitartez.