Azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna

Erabiltzailearen aurpegia STEE-EILAS 2014ko aza. 21a, 09:05

Azaroak 25 gerturatzen da, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna, eta horrekin batera kanpaina eta balantzak egiteko momentua. Oraingoan ere, nortasun desberdinetako erakunde eta instituzioak behin eta berriro komunikabideetan agertuko dira , gizarteari gogoraraziz bortizkeria matxistaren gaitzarekin amaitu beharrean gaudela.

Noraezean geldituko diren asmo onez beteriko adierazpenak egingo dituzte zeinetan hartuko dituzten neurriei buruzkorik ez duten ezer ez esango. Urtero, jakinarazpen bat eginez ez dugu emakumeen kontrako bortizkeriarekin amaituko.

Gizartearen zenbateko handiak harro aipatuko ditu berdintasunaren alde eta bortizkeriaren kontra eginiko lorpenak, nahiz eta argi egon berdintasun erreala iristeke dagoela.

Edonola, ez da momentu txarra emakumeen kontrako bortizkeriari buruz hausnartzeko, baita honekin bukatzeko zailtasunei buruz ere; eta orokorrean gizarte patriarkal eta matxista honetan emakume izatearen ondorioek dakartenaren harira.

Egun, oraindik, jasaten dugun bortizkeria gure gain jartzen dela ukaezina da. Gogorarazten zaigu ez genukeela zenbait tokietatik ibili behar, ezta orduren batean kalean egon behar edo hainbat pertsonekin harremandu behar. Gure askatasuna mugatzen dute, modu sotilean, eta eremu “seguru” batean baztertzen gaituzte. Honek, orain dela 100 urte eskas gure gotorleku zenaren esparru pribatua gogorazten digu nolabait.

Badirudi inork ez duela gogoratzen guk ez dugula soilik seguru bizi nahi, guk aske ere izan nahi dugu. Aspalditik gabiltza aldarrikatzen “Kaleak eta gauak geureak direla” (baita noski gure etxe eta lantokiak ere), ez ditugula segurtasunez jantziriko kristalezko gotorleku faltsuak nahi. Ez dugu inork etxera bakarrik ez bueltatzeko errepikatzerik nahi, ezta taxiaren matrikula apuntatzeko edota mutil gaiztoekin ez ateratzeko. Bada garaia egin beharrekoak erasotzaileei gogorarazteko eta ez erasoak jasaten ditugunoi.

Eginbeharrekoak irakasteaz gain, egin ezin direnak ere adierazten zaizkigu. Hau da, nahiz eta mundua toki segurua ez denaren ideia orokorra izan, ez zaigu gure burua defendatzeko gaitasunik ematen. Ideia honen ondorio haiek dioten sexu ahul hori bilakatzen gara. Horregatik, hain zuzen ere, ezinbestekoa iruditzen zaigu autodefentsa feminista aldarrikatzea.

Ezindu gaituzte, pixkanaka, urteetan zehar eta modu eraginkorrean . Maitasun erromantikoaren ideiaren bidez ailegatu zaizkigun harreman ereduetan ate bat irekitzeko gaitasunik gabe islatzen gintuzten, gentlemen eta printze urdin madarikatu horrek guregatik atea ireki arte zain, mugitu gabe, atera ezinik. Norbaitek zalantzan jartzen al du mugikortasun eza, itxialdi hori intentsitate baxukoa deitzen den bortizkeria mota denik? Sinets iezaguzue, egunero, mutil talde baten erditik igaro behar dugun bakoitzean, burua makurtzera behartzen gaituena, gure auto-estima ezereztatu eta bizkarrezurra birrintzen duena ez dela intentsitate baxukoa!

Nolanahi ere, izendapen hori ulergarria da urtero beraien ezkontide edo ezkontide ohiek erailtzen dituzten emakume kopurua kontutan hartzen badugu. Noski, kopuru horren barruan ezkontide izan ez direnek gauzatutakoak kontutan hartu gabe, gure legediak ez baitu hori bortizkeria matxista denik jasotzen. Agian, heriotza horiek istripuaren ondorio balira zenbatzendira, edo are gehiago, agian ez dira inon zenbatuko. Emakumeei dagozkien hainbat gauzekin gertatzen den bezalaxe.

Honengatik guztiarengatik, pertsonala politikoa denaren leloa berreskuratzen dugu gaurkoan ere. Ez ditzaten emakume izatearen ondorio diren hauek mozorrotu, pertsonalaren itxurapean ezkutatu.

Ez dugu diskurtsorik behar. Herrialde bakoitzean arriskurik gabeko eremu libreak ahalbideratuko dituzten benetako neurriak har ditzaten behar dugu. Aniztasuna eta pertsonen askatasunarekiko errespetua sustatzen dituen hezkuntza proposamenak nahi ditugu, arazoaren funtsari eutsiko diotenak. Esparru guztiak pertsona guztientzat direnaren ideia zabalduko duten kontzientziazio kanpainak behar ditugu askatasun eta errespetuan bizi ahal izateko.

Oraingoan ere kalera aterako gara oihukatzeko hirian zehar mugitu nahi dugula, esparru pribatutik sartu eta irten nahi dugula, gure burua eta gure gorputza mugitu nahi ditugula. Hau guztia epaituak edo ikusezinak izan gabe! Beraz, orain, azaroak 25 gerturatzen ari den honetan, gurekin oihukatzera gonbidatzen zaitugu! 

KALEAK ETA GAUAK GUREAK ERE BADIRA!!

 

STEE-EILASen Emakume Idazkaritza