Etorkizun hori itxura batean ukitu ezinezko eta zalantzan jarri ezinezko totemetan oinarrituta eraikitzen ari da eta totemok izango dira etorkizuneko euskal hezkuntzaren ardatz: gaitasunak, zentroen autonomia, eraginkortasuna gastuan... Ezein eztabaida ideologiko ekidin asmoz Hezkuntza Sailak eta zenbait eragilek erakusten duten egoskorkeria esanguratsua bada ere, steilasek beharrezko ikusten du bere ikuspuntua plazaratzea.
1995eko azaroan Edith Cressonek, Europako Batzordeko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko lehendakariak, Hezkuntzari eta trebakuntzari buruzko liburu zuria aurkeztu zuen. Bertan ikastetxeen autonomia eta horiek enpresa-mundura gerturatzea goresten dira eta, horrenbestez, hezkuntza-politikak bideratzeko modu zehatz baten abiapuntua ezartzen du.
Lisboa 2000tik aurrera “oinarrizko gaitasunak” deritzenetan oinarritutako Europa mailako hezkuntza-politika komun baten oinarriak adostu dira. Apurka-apurka ikuspegi hori txertatu da hezkuntza-sistemetan, eta gaitasunen bidezko ikaskuntza finkatzen ari da memoria bidezko ikaskuntzaren aurretik, azken hori ez baita oso praktikotzat jotzen. Hezkuntza Lege Organikoak ikuspegi hori hartzen zuen jadanik, LOMCEk ere bai eta Heziberri 2020k sakonki garatzen du.
Gaitasunen bidezko ikaskuntzaren ikuspuntua Lanbide Heziketan sartu zuten lehendabizikoz, ikasleei lan-ingurunean praktikan jar zitzaketen trebeziak emateko, eta lan-merkatura egokitzea errazteko. Nico Hirtek dionez, oinarrizko gaitasunak hezkuntzaren ardatz gisa ezartzea enpresa munduaren presioaren ondorioa izan zen eta, ondoren, eredua gainerako hezkuntza-etapa guztietara hedatu zen "eskulan moldagarria, balioanizduna, mugitzeko arazorik ez duena eta birziklatzeko prest dagoena" hasierahasieratik trebatzeko. Merkatuak ez ditu izugarri kualifikatutako pertsona asko behar -aukera hori elite ekonomikoen seme-alabei gorde behar zaie-, behar duena da etorkizuneko langileak ongi hitz egiteko gai izatea, hizkuntza bat baino gehiago hitz egiteko gai izatea eta inguru digitalean lan egiteko gai izatea. Duela urte batzuk gutxi batzuen esku zeuden ikasketa horiek merkatu globalean oinarrizkoak dira gaur egun eta, beraz, beren balio erantsia galdu dutenez, ez dute lan kualifikaturako aterik irekitzen.
Era berean, guztiok enpresa eta enpresariak balioestea eta errespetatzea eskatzen da. LOMCEko gaitasun giltzarrietako bat "ekimena eta espiritu ekintzailea" da, Hezkuntza Lege Organikoan “Ekimenerako eta autonomia pertsonalerako gaitasuna” zeritzona; horixe da, hain zuzen ere, Heziberrik aukeratu duena ikasketa guztien ardatz gisa. Hain agerikoa da enpresa munduarekiko menpekotasuna, ezen azalpen luze baten beharra ikusten baitute “ekintzaile izatea” eta “enpresa izatea” ez direla gauza bera argitzeko; hala ere, txostenen garapenean behin eta berriro maila berean jartzen dituzte eta haur hezkuntzatik bertatik ikasleengan espiritu ekintzailea sustatzea lehentasunezkoa dela diote.
Berrikuntza pedagogikoaren prozesuak enpresaren eta lehiakortasunaren ikuspuntuaren noranzko berean doazela saldu nahi digute. Enpresak hezkuntzaren munduari bere helburuak eta beharrak inposatzeaz gain, bere antolaketa- eta kudeaketa-ereduak ere ezartzen dizkio: esate baterako, hezkuntzarekin zerikusirik ez duten kalitate-programak; ebaluazioaren ikuspegi zehatz bat, ikasleak ikasitakoa kanpoko probetan etengabe balioztatzera behartzen dituena; eta lehiakortasuna pertsonen arteko eta hezkuntzazentroen arteko lehiaketa bihurtzen dituena.
Eredu horrek 1997an du sorrera. Urte horretan Europako Batzordeak lehentasuna eman zion “gaitasun profesionalen eta sozialen garapenari langileak hobeto egokitu daitezen lan-merkatuaren bilakaerara”. Ohartu gaitezen Europako lehentasun ekonomikoak izan direla egoera honetara ekarri gaituztenak eta, ondorioz, bulego berberetan erabakitzen diren hezkuntza-politikek noranzko ideologiko bera daramatela.
Baztertu egiten dira zuzentasuna eta aukeren berdintasuna bermatzen duten sistema zentralizatuak, eta beren artean lehiatzeko prest dauden zentro autonomoagoen sistema sustatzen da; administrazioak hezkuntzara bideratzen dituen baliabide urriak lortzeko elkarren artean lehiatuko diren autonomia pedagogikoa duten zentroen sistema, alegia. Nico Hirten esanetan, “hezkuntza-eskaintzaren dibertsifikazioak eta, ondorioz, horrek dakarren hierarkizazioak irakaskuntzaren dualizazio soziala sortzen dute. Horrek lanmerkatu gero eta dualago baten beharrei erantzuten die: kualifikazio oso altudun eskulana eskatzen du, baina, era berean, kualifikazio maila oso baxua eskatzen duten lanpostuen kopurua ere hazi egiten da”.
Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza-politikak, eta Nafarroako Gobernuarenak ere bai, inoiz ez bezala bideratuta daude bi abiadurako hezkuntza-sistema sortzera. Horren helburua da lan-merkatu bidegabearen beharrei erantzuna ematea eta sare publikoa zentro pribatu kontzertatuen menpe mantentzea.
Amaia Zubieta eta Aitor Idigoras. STEE-EILAS