Lan prekarioa - osasunprekarioa
Krisiak aurrera egin duen heinean lan eskubideen funtsezko balioak galtzen eta enpresa eta kapitalaren interesen esku jartzen joan dira. Honi, lan osasunaren inguruko eskubideen eta osasun integral eta unibertsalerako eskubideen praktika erregresiboak gehitu behar zaizkio.
Aurten LAPL-k (Lan Arriskuen Prebentzio Legea) argia ikusi zuenetik 20 urte betetzen dira. Ordutik hona osasunarekin zerikusia duten arloetan etengabeko atzerakada bat eman da.
Prebentzio delegatuak aukeratu ziren. Segurtasun eta osasun batzordeak osatu eta arauketan aurrerapen handiak eman ziren. Lan osasunaren defentsarako borroka ilusioz hartu zen. Egoera hau 2008ra arte hazten joan zen, baina krisiaren aitzakiarekin, gaur arte, gelditzen eta txikitzen hasi zen. Espero ziren aurrerapenak ez direla eman esan dezakegu, gauzak horrela gaur egun enpresen jarreran aldaketa baten aurrean aurkitzen gara, lan osasuna artxibategiko paper bat bihurtu dute, helburuak betetzeko inolako konpromiso irmorik gabe. Gobernu zentral eta autonomikoak gero eta permisiboagoak izanik, enpresariei exijentzia maila jaisten dieten bitartean ekimen pribatuaren (Mutuak kasu) pisua handitzen dute. Ageriko geldialdi baten aurrean gaude eta lan munduan, osasunaren zaintza kontzeptua aldatzeko joera arriskutsu baten aurrean.
Lan istripuak eta gaixotasun profesionalak
Industria jardueraren beherakadarekin, lan istripuek (LI) eragindako heriotzak nahiz LI arinak eta larriak gutxitu dira; zalantzarik gabe albiste on bat izango litzateke, ez balitz, kasu askotan lana galtzeko beldurra dela eta istripuak ez direlako aditzera ematen, gaixotasun arrunt bezala geratuz kasurik onenean. Gauza bera gertatzen da agresio arrisku altua duten sektoreetan. Sektorerik prekarioenak, malgutasun handiena jasaten dutenak eta paradoxikoki sindikatuen defentsarik ahulena dutenak, estatistiketara LI gehien gehitzen dituztenak dira. Administrazio publikoak zein enpresak datu hauek ezkutatzeaz ederki arduratzen dira.
Gaixotasun profesionalak (GP) argitaratzeko borroka arrazoi beragatik geldiarazia izan da eta argitara atera diren datuak enpresen interesen arabera aldatzen dira. GP-en inguruko ikerketek diotenez LI bakoitzagatik ia 10 GP ematen dira; hala eta guztiz ere, enpresek eta osasun zerbitzuek emandako datuak hauetatik oso urrun aurkitzen dira. Bestalde, nahiz eta legeak derrigortu, arrisku psikosozialen ebaluazioak hutsalak dira, edoeta ez dira existitzen, arrisku handiko esparruetan bada ere, osasuna, hezkuntza eta menpekotasuna duten pertsonen zaintza kasu.
Lan erreforma gogor eta atzerakoia, langileari gero eta norbanako ardura gehiago exijitzen dioten enpresetako antolakuntza sistema berriak, ordutegi malguen gorakada (lan orduetatik at sartutako ordaindu gabeko orduak..), miseriazko soldatak kobratuz ordu eta egun batzuetarako kontratuak, buruko lan karga dela eta gero eta presio handiagoa, lanpostuen deslokalizazioa ... gure osasuna okerrera joateko arrazoi berriak dira, kasu askotan ez dira aztertzen edo aztertzen badira ez dira jakitera ematen eta ez dira langileekin egiaztatzen. Egoera honek emakumeengan dauka eragina bereziki, sarri lan merkatutik baztertuak geratzen dira edo lan partzialetara kondenatuta daude, era honetan etxeko lanen arduradun izatera eta menpekotasuna duten pertsonen zaintzara kondenatuak jarraitzen dutelarik, eta gazteak ezinbestean prekarietatera bultzatuta.
Lan istripuen mutuen erasoa
PPren gobernu ezberdinen jarrera salatu behar dugu Lantokietako egoerak elementu hauek betetzen dituenean. Mutuei gero eta kontrol botere gehiago ematen diete, era honetara langileak lanetik kanpoko arrazoiengatik gaixotzen direnean Mutuen jazarpena jasatera iristen direlarik. Lehen mailako arretan ari diren osasun-langileen kontrolaren gainetik Mutuen kontrol inkisidorea inposatu nahi dute, Osakidetza eta Osasunbiderako sistema publikoen gainetik. Hau eragotzi ezean, medikuntza publikoaren lana ezerezean utz lezakete, enpresa pribatuen interesak gero eta gehiago defendatuz.
Osasuna eta bizitza tratatzeko beste modu bat exiji dezagun
Egoera honen aurrean ezinbestekoa da lantoki bakoitzean salatzen eta borrokatzen jarraitzea, arauak zehatzmehatz betetzea exijituz, langileen osasuna aldizka behatuz, beharrezkoak ez diren esfortzu fisikoak saihesteko eta ergonomia hobetzeko, makinaria eta segurtasunean dirua inbertituz, arrisku psikosozialak gutxituko dituen lan giro egoki bat eta behar adinako diru prestazioak bermatuz.
Era berean salto kualitatibo bat eman behar dugu eta osasun sistema publiko bakar bat exijitu, lantokietako arazoei zein eguneroko arazoei era globalean aurre egingo diena. Lan osasunaren arloan administrazioaren zerbitzu publikoak bultzatu behar dira, lan ikuskaritzak areagotu eta hauen kalitatea handitu, izaera exekutiboago eta zigortzaile bat emanez.
Horretarako, osasun alorrean zein gaixotasun arrunten kudeatzaile moduan, Mutuei boterea kendu beharko zaie, kontrolatzailea eta pertsonen osasunerako agresiboa baita.
Beharrezkoa da baita ere gaixotuko ez gaituen enplegu batengatik borrokatzea, atsedenerako eta bajarako eskubidea errealitate bat izanik, lan jardunak zenbait pertsonen artean banatzeko aukera izanik, era honetan arriskuen ondorioak gutxitzeko eta bizi baldintzak hobetzeko, gaueko txandak bertan behera utzi eta lana galtzeko beldurragatik ez balitz, inolaz ere onartuko ez liratekeen lan arrisku egoera guztiak desagerraraziz.
Lanak askotarikoak dira eta zenbait ordainduak dira eta beste zenbait ez. Batzuk bizimodua ateratzeko balio dute eta beste batzuk mantentzeko. Bizitzeko lan egin behar dugu, baina inolaz ere lana egiteko bizi.
Beste gizarte eredu batean sinesten dugu eta hori da proposatzen duguna, produkzioa eta errendimendua pertsona bera baino garrantzitsuagoak izango ez diren gizarte bat, eta merkatua eta banka zerbitzu publikoak baino garrantzitsuagoak izango ez direnak. Rol ezberdinak defendatu behar ditugu, pertsona guztientzat zereginen korresponsabilitatea eta errekurtso publiko unibertsalak. Azken finean, bizitza zaindu, pertsonak eta errekurtso naturalak, oinarrizko zerbitzu publikoak hobetzean inbertitu: hezkuntza, osasuna, pertsona adinduen zaintza, bazterketa sozialari aurre egitea…
Apirilak 28 honetan, Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna, kalera irtengo gara kalitatezko enpleguaren defentsan, laneko segurtasun eta osasuna zaintzeko beharra baloratuko duen gizarte baten defentsan, eta estamentu ofizial eta enpresa ezberdinek eskubide hauek errespeta daitezen berma dezatela exijitzera.
Santi Ruiz Diaz (ESK) eta Afrika Jimenez Varela (STEE-EILAS)