Hezkuntza Saila: hobetu beharra

Erabiltzailearen aurpegia STEE-EILAS 2015ko eka. 22a, 11:38

STEE-EILAS sindikatuko kideok elkarretaratzea burutu dugu gaur goizean  Hezkuntza Sailaren aurrean, Kale Nagusiko 85. zenbakiaren parean. Bertan, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari egindako ebaluazioa plazaratu dugu. 

Ikasturtea bukatu da eta ebaluatzeko garaia iritsi da, ikasleak baloratzen ditugun bezala, irakasleak ere baloratuak izaten gara eta jakina, Hezkuntza Sailak ere balorazioa beharko luke.

Hori dela eta, Steilasek gure departamentuak ikasturte honetan izan duen jarreraren aurrean zera adierazten du:

1. Ikastetxeetako beharrei ez die erantzun egokirik eman: 2-3 urtetako geletako ratioak handitu ditu, proiektuetako ordu kreditua jaitsi du eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen beharrak ez dira behar bezala erantzun, Helduen Hezkuntzan murrizketak mantendu dituzte, besteak beste.

2. Langileak ez ditu zaindu: sistematikoki ordezkapenak ez dituzte bete, LEPn eskaini dituzten plazak ez dira nahikoak, azterketa medikoak ez dituzte egiten, gaixotasunengatiko lanpostuen egokitzapenak ez dituzte definitzen, langileen eroste ahalmena ez dute mantendu, titulazio berdineko kolektiboen soldatak ez dituzte homologatu, 60 urtetik gorako langileentzako jardunaldiaren murrizketak ez dituzte ordezkatu, Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko irakasleei informazioa ukatu diete…

3. Irakasle, Hezitzaile eta Haurreskolak Partzuergoarekiko harremanak ez dituzte zaindu: Hitzarmenen negoziazioak ez dituzte aurrera eraman, Aurrekontuetan ez dituzte beharrak islatzen, Hezkuntzako BPGa ez dute igo.

4. Jarrera antidemokratikoak azaldu ditu: Erabaki guztiak unilateralki hartu ditu eta inposatuak izan dira, negoziazioaren arauak ez ditu errespetatu, Hezkuntza Sistemaren kudeaketa negargarria egin dute, langilearen lana ez dute batere baloratu. Laburbilduz, Euskal Eskola Publikoaren aldeko pausorik ez du eman; Madriletik datorrenari men eginez, LOMCE Heziberri bihurtu du; ikastetxe pribatuetako itunak mantentzen dituen bitartean, ikastetxe publikoei autonomia eta baliabideak kentzen dizkie eta langileen lan baldintzak kaskartu egiten ditu.

Horregatik guztiagatik eta sinesgarritasun osoa galdu duelako, steilasek kalabazak ematen dizkio Hezkuntza Sailari.

Euskal eskola publikoaren defentsan, LOMCE ez, Heziberri ez! Euskal eskola publikoa eta laikoa!