Zentzugabekeriari erreparatzeaz gain, hausnartu beharko da zer egin belar artifizialezko futbol-zelaiak edo zelaien ureztatze-sistemak diruz laguntzen dituen deialdiarekin. Baina gakoa honakoa da: zergek finantzatu behar al dituzte instalazio pribatuen erosketak edo birgaitzeak? Izan ere, erabat zentzugabeak diren egoerak gertatzen ari dira. Esaterako, duela 22 urte Agurainen ikastola pribatua desagerrarazteko ikastetxe publikoarekin batzera bultzatu zuen sailak, orain, 398.000 euro eman dizkio herri bereko kooperatiba berri bati.
Laguntza hauen helburua "soziala" omen da eta "eraikin eta instalazioak legeak ezartzen dituen betebeharretara egokitzeak" sortzen dituen gastuei aurre egiteko ematen ei dira. Baina itunpeko gainontzeko ikastetxeek ere era horretako gastuei egin behar diete aurre. Horrenbestez, pentsatzekoa da diru-laguntza horiek emateko eskubidea helburu sozialak justifikatzen duela. Termino hori ulergarria da GKE-en kasuan, erakundeen gabeziez arduratzen baitira, baina eskolatzearen kasuan, ez dago hain argi. Kooperatiba edo fundazioa izan gabe, Gasteizko Marianistas ikastetxeak ere termino hori baliatu nahi izan du Mercadonarekin hirigintza pagotxa eskuratzeko. Eta sexu bereizketa egiten duten ikastetxeak! Administrazioa da ordena jarri behar duena, baina EAEn epailea erosita dago eta ikastetxe pribatu guztiak —sexu bereizketa egiten dutenak barne— itunpekoak dira. Denen helburu soziala egiaztatu al da? Oker al gaude sozial hitzaren atzean guztiz aurkakoa den partikular hitza (erlijio-ideiak, hezkuntza eredu propioa edo/eta irabazi-asmoak) ezkutatzen dela uste dugunok?
Abituak ez du fraidea egiten; horregatik, ez gaude ados: fundazio eta kooperatiba izate hutsak —forma juridiko hutsak— ez du helburu soziala bermatzen. Horrez gain, zalantzan jartzen dugu itunpeko gainontzeko ikastetxeen aldean tratu ekonomiko pribilegiatua jaso behar dutenik. EAEn fundazioak ikastetxe erlijiosoak dira, figura juridiko hori aitzakiatzat hartuta administrazioaren aldetik tratu hobea lortzen ahalegintzen direnak. Irakaskuntza-kooperatibei dagokienez, hainbat mekanismoren bitartez —diru-ekarpenak eta proiektua— gainontzekoetatik bereizten den eredua sortzen duten elkarteak dira —familiek osatutakoak, gehienetan—. Ez genuke orokortu nahi, baina bezeroen maila sozioekonomikoak —normalean altua— eta ikasle problematiko ezak —horrelako ikastetxeetara joateko baliabiderik ez baitute— ahalbidetzen dute ikastetxe horien arrakasta. Ikastetxe erlijiosoak ez bezala, laikoak dira, parte-hartzaileagoak, eta jo eta ke egiten dute lan euskararen nahiz gure kulturaren alde. Formula horri esker, zerbitzu publiko baten pribatizazioa ez da horren zalantzan jartzen gizartean eta politikarien aldetik. Zorionez, atzean geratu dira administrazioak euskararen eta euskarazko irakaskuntza bermatzen ez zituen garaiak; beraz, ekoizpen-ekonomia alde batera utzita —non justifikazio soziala argiagoa den, enpleguaren sorrera bultzatzen delako, esaterako—, hezkuntzari erreparatuta, mota horretako ikastetxeen erantzunkidetasun soziala zalantzan jarri beharra dago.