Aurten, estreinako aldiz, Bullyingaren Nazioarteko Egunak ere protagonismoa itzela hartu du komunikabideetan eta jendartean. Urte luze pasatu dira egoera lazgarri batek gure herria astindu zuenetik, Jokinek bere buruaz beste egin zuenetik. Ikastetxeek bullying detektatzeko –eta gelditzeko– protokoloak garatuta dituzte, baina ezin esan honelako jokaerak uxatu ditugunik.
LGTBI pertsonekiko jazarpena edo bortizkeria eta emakumeen aurkako indarkeria matxistek bide paraleloa eraman dute. Etxeko (eskolako) kontua izatetik kontu publikoa izatera pasatu da. Denoi dagokigu, denok gara biktimak. Denok dugu gelditzeko erantzukizuna. Eta abiapuntu hau hartzen badugu, eta benetan aurre egingo badiogu, ezin dugu zuritu inolako bortizkeria kasurik.
Historiak erakutsi digu legeetan emandako aldaketak ez direla nahikorik izan berdintasunaren aldeko lorpenetan. Genero berdintasuna ez dugu erdietsi lege aldaketen bitartez, gaur egun oraindik ere ohitura eta jarrera matxistek bete-betean baitarraite.
Egungo gazteek nola ikusten eta nola baloratzen dute genero eta aniztasun afektibo sexuala? Garbi dago euren begirada eraikitzen ari direla, beti ere bizipen propioetatik abiaturik. Baina non gauden ulertuko badute, azken hamarkadetan hainbat eremutan eman den borrokari esker erdietsi direla eskubideak ezagutu behar dute. 2015. urtean ALDARTE eta EHGAM taldeek 'Memoria ausartak' proiektua aurkeztu zuten, LGTB memoria historiko kolektiboa berreskuratzeko gunea. Bertan, 13 bizitza-istorio aurkezten dira, eta frankismo eta trantsizio garaiko bizitza eta maitasun gay-lesbianoko istorioak biltzen dira. LGTB memoria historikoa aldarrikatzeko eta biltzeko gune horretan homofobia eta lesbofobiaren aurka borrokatzen da, gaur egungoarekin erlazionatua dagoen ezagueraren bitartez.
Pertsonen arteko harremana mota askotakoa izan daiteke, eta ohikoa den hitzen bitartez ez ezik, keinu, gorputz hizkera eta begiradaren bitartez ere gauzatzen dugu komunikazioa, eta gu geu garen bezala agertzen gara besteen aurrean. Era berean, ezin dugu ahaztu begiradek eta keinuek berebiziko garrantzia izan dutela, eta badutela gaur egun, elkar ezagutzeko eta harremanak izateko, ligatzeko tresna ere baitira.
Genero eta aniztasun afektibo sexuala modu askean bizitzen laguntzeko unitate didaktikoa prestatu eta bidali dugu ikastetxeetara. Unitate horretan, gure eguneroko jardunean ez dugu tolerantzia landu nahi, ez baitugu besteen epairik nahi norberaren generoaz, genero adierazpenaz, edo maitatzeko eraz; askatasun gizartean bizi nahi dugu, gizarte askatzailean.
STEILAS. LGTBIQ taldea