Gainera, ekimen honen bitartez, elkartasuna adierazi diegu errefuxatuei, eta negozio militarrean xahututako dirua salatu dugu, izan ere, horren bidez elikatzen baitira hainbat gatazka, eta milioika lagunek liskar horietatik ihes egin behar izan dute, inongo eskubiderik onartu gabe.
Errenta-aitorpenaren kanpainan gaudenez, bete-betean, gogora ekarri behar dugu azken 8 urteotan Eusko Jaurlaritzak hezkuntza publikoko aurrekontua murriztu duela; 222 milioi euro gutxiago eman ditu. Aitzitik, estatuko aurrekontu orokorren bidez, militarismoari diru gehiago eman zaio, %7 gehiago. Horrez gain, kontuan hartu behar dugu instituzioek 20 milioi euro eman dizkiotela euskal industria militarrari, diru-laguntzen bidez, zuzenean, eta baita zerga-salbuespenen bidez ere. Gastu militarrera bideratutako aurrekontu-partida horiek guztiek –hainbat ministerio eta sailek eman baitituzte– orotara, 25.372,72 euroko emaitza batzen dute. Kupo bidez, EAEk 700 milioi euro emango ditu, politika militarista hauek aurrera jarrai dezaten.
Bistan dago ez dagoela baliabiderik kalitatezko hezkuntza publikoari eusteko. EAEn, 2009az geroztik, diru gutxiago bideratu da hezkuntzara, ia %8 gutxiago. Hori dela eta, milaka ordu galtzen dira, ez baitira ordezko irakasleak ekartzen; ikasgela bakoitzeko gehieneko ikasle-kopurua estutzen da; eskola-materialaz hornitzeko laguntzak murrizten dira; %50 murriztu da eskola publikoen funtzionamendu-gastuak estaltzeko diru-kopurua eta lan-zama astuntzen da, esponentzialki.
Murrizketa-ildo horren harira, Heziberri plana sustatu nahi du Eusko Jaurlaritzak (LOMCE legea, euskal erara). Eredu horri jarraituz, ikasleek Espainiako Konstituzioko artikuluak ikasi beharko lituzkete, eta horien ardatz nagusiak dira, besteak beste, Espainiaren batasuna, monarkia eta armada.
Hori guztia dela medio, hezkuntza-komunitateko kide garen aldetik, eta gure eskolan sinesten dugulako; gure eskola eta ikasgeletan irakasten ditugun baloreetan, alegia, "Justizia eta berdintasun sozialaren aldeko hezkuntzan" zalantzan jartzen ditugu gastu eta politika militaristen etika. Hezkuntza publikoaren aldeko inbertsioa murriztu dela salatzeaz gainera, elkartasuna eta abegi ematea bultzatzen dugu, are gehiago orain, gastu militarra handitzen ari dela, eta gizarte-gastua gutxitzen doala.
Zehazki, gizarte-gasturako partidak gutxitu dira; 2016ko Aurrekontu Orokorretan, ordea, handitu egin dira gastu militarrari eskainitako baliabide ekonomikoak, %7 handitu ere. Horrez gainera, kontuan hartu behar dugu estatu espainiarraren zorra, armagintzarekin lotuta: 40.000 milioi euroko zorra, hain zuzen ere.
GASTU MILITARRARI EZ!
LOMCE-HEZIBERRIRI EZ! EZ MURRIZTU HEZKUNTZA PUBLIKOA!