Zenbait ikastetxetan eman daitekeen aukera berdintasun urraketaren inguruan suertatu diren zalantzak direla-eta, steilasek uste du Administrazioa bera izan beharko litzatekeela prozesua bertatik bertara ikuskatu beharko lukeena, eta hala egin dezan eskatzen diogu Sailari. Prozesuaren gardetasuna ziurtatzeko, ofizioz esku-hartu dezala eta beraien betebeharrak bete ez dituzten ikastetxeak -hezkuntza-itunei dagokien indarrean dagoen legedia erabiliz- zigortu ditzala eskatzen dugu, hutsegite larriak baitira.
Eskolen matrikulazio epea gerturatzen doan heinean, diru publikoarekin finantzatuta dauden ikastetxe pribatu askotan aurre-matrikulazio epeak zabaltzen direla ohikoa den salaketa da, epe ofizialaren aurretik. Aurre-matrikulazio epe hauen bitartez, barneeskaintza bat egiten da, ikastetxeko familia edo proiektua ezagutzen duten haiei beraien seme-alaben izen-ematea bideratzeko. Balio ofizialik ez duen etorkizuneko ikasleen zerrenda bat osatzen da horrela, informazio bila epe ofizialean eskola horietara gerturatzen diren (eta gertukoak ez diren) familien asmoak bertan-behera utziz. Informazioa modu okerrean ematen zaie, dagoeneko plazarik ez dagoela argudiatuz edo daudenak eskolako ikasleen anai-arrebekin beteko direla esanez, azken hau baremaziorako erabiltzen den beste baldintza bat besterik ez dela ezkutatuz (eskaerek eskaintza gainditzen badute, beti ere).
Egoera hau urtetik urtera errepikatzen da, eta, Administrazioaren ageriko utzikeriaren ondorioz, aurtengoa ez da salbuespena izango. Itunpeko ikastetxe asko, informazio bila bertaratzen diren familiei, dagoeneko, plazarik ez dagoela esaten ari dira, nahiz eta matrikulazio epe ofiziala hilaren bukaerara arte ez den zabalduko.
Administrazioaren sinesgarritasuna kolokan dago, beste behin ere, betearazten ez den araudi bat baitago eta jarrera horren ondorio sozialak agerian geratu direlako. Hezkuntza eragile ezberdinen salaketa lanari esker, steilas horien artean, gaur egun inork ez du ukatzen Euskal Hezkuntza Sistemaren arazo larrienetako bat ikasleen segregazioa denik. Egoera hau sustatzen duten arrazoi zehatzak daude, gainera, aski ezagunak direnak (baremazio sistema, epez-kanpoko matrikulazioa, itunpeko ikastetxeetako kuotak, publikoen finantzaketa-falta, erlijio idearioak...).
Hezkuntza Sailak ezin du jarraitu ez-ikusiarena egiten denbora gehiagoz. Bere betebeharra da salaketa horiek aztertu eta matrikulazio epeak behar dituen bermeak ziurtatzeko neurriak hartzea.