Horrek zuzen-zuzenean eragin du sistema publikoaren gainbeheran; segregazioa, baztertze poltsak, sistemaren garestitzea…Gainera milaka lanposturen etorkizuna jokoan dago.
Zerbitzu publikoen pribatizioak aurreikusitako estrategia neoliberaleei erantzuten die: berauen estigmatizazioa, zerbitzuen deskapitalizazioa eta, azkenik, familien aukera askatasunaren aitzakiaz zerbitzua esparru pribatutik bideratzea.
Eskola publikoa sistemaren ardatza izan beharko luke, horixe bakarrik baita berdintasuna eta kohesio soziala bermatzen duena eta ikastetxe pribatuei bideratzen den dirua era subsidiarioan izan beharko litzateke beti ere sare publikoak ezin baditu beharrak ase. Hori izan baitzen ikastetxe pribatuen kontzertazioaren sorrera, jaiotze tasa handitzeari eta eskolarizatzeko eskaerari erantzuteko. Oraingo egoera oso bestelakoa da. Horren ordez, Eusko Jaurlaritzak sare pribatu paralelo bat sortu du eta plaza publikoak bete gabe egon arren miloika euro bideratzen ditu hezkuntza sare pribatua elikatzera. Adibide gisa aipa genezake hezkuntza sistemarako sarbidea den 0-3 etapa, non partzuergoan %46,8 plaza libre egonik administrazioak 26.595.744 milioi bideratu dituen haurreskola pribatuetara. Ondorioz, begibistan duguna hezkuntza publikoaren deskapitalizazio eta desmantelazio kalkulatua da.
Beraz, bada neurri zehatzak hartzeko garaia, proiektu baztertzaileak alboratu eta aukera berdintasuna abiapuntu izango duen sistema bat eraikitzeko. Ezin dugu ahaztu hezkuntzaren pribatizazioa gure ongizate sistemaren adierazle kezkagarrienetako bat dela. Horretaz gain, sindikatu bezala, biziki kezkatzen gaitu langile askoren etorkizunak, behin behinekoena batez ere. EAEko hezkuntza publikoan dauden lanpostuen %30 kolokan egon bait daitezke datozen urtetan. STEILASek proposamen zehatz bat helaraziko dio gobernuari datozen astetan enplegua mantendu eta jubilazioetan gertatzen den desoreka bideratzeko.
Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu denona eta denontzat den eskola publikoaren aldeko hautua egin dezala eta hezkuntza sistema paraleloak elikatzeari utz diezaiola. Horrek kohesio soziala indartuko baitu. Bide batez, eskola publikoaren alde dauden alderdi politiko eta gainontzeko eragileei eskola publikoaren aldeko mezu garbia agertu eta indartu dezatela, eta hezkuntzaren pribatizazioa irmoki salatu dezatela eskatzen diegu.
STEILASek hezkuntzaren pribatizazioaren aurka gogor ekingo du eta datozen egunetan ekimen zehatzak abian jarriko ditugu.