Izan ere, ekimen pribatuan oinarritzen den irakaskuntza eta ikerkuntza eredua sustatzeak arduratzen gaitu. Horretaz gain, hiriaren garapen eredua beste behin errentagarritasun ekonomikoaren mende egoteak ere larritzen gaitu. Hori guztia posible egiteko baliabide publiko ugari (eraikuntzak, lurzoruak, dirua...) erabiliko dira, guztionak diren baliabideak, eta norabidea zuzendu ezean, onurak sektore pribatuen eskuetara baino ez dira joango.
Harrigarria iruditzen zaigu Zorrotzaurreko proiektuaren baitan unibertsitate publikoa, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), jasaten ari den ahanztura eta marjinazioa. Unibertsitate publikoa izan da, eta gaur egun ere bada, gure herrian prestakuntzaren eta ikerketaren eragile nagusia; gure herriaren garapen zientifiko eta kulturalari funtsezko ekarpena egiten diona; eta pertsona guztiek, haien jatorri sozioekonomikoa edozein dela ere, unibertsitate ikasketak egiteko oztoporik ez izatea bermatzen duena. Nolanahi ere, instituzioek Bilbo Unibertsitate Hiria eta 'Jakintzaren eta talentuaren uharte' izeneko proiektuak ia bere osotasunean unibertsitate pribatuen inguruan sortu nahi dituzte.
Digipen, Kunsthal, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea eta Cambridgeko Unibertsitatea dira Bilbon egoitza ireki edo haien instalazioak zabalduko dituzten unibertsitateetako batzuk. Horretarako, eskura izango dute Udalaren, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa. Bien bitartean, UPV/EHUk Basurtuko Medikuntza Fakultate berria nola atzeratzen eta murrizten joan den ikusi behar izan du. Medikuntza Fakultaterako azpiegitura hori beharrezkoa da eskaintza publikoaren kalitateari eusteko, gaur egun instalazio hondatu eta zaharkituetan ari baitira. Hala ere, politika hau beste leku batzuetan dagoeneko gauzatu da: pribatizazioa sustatzea zerbitzu publikoak abandonatuz eta alde batera utziz.
Hori guztia, espazio berriak dakarren hiri-garapena kontuan hartu gabe egin da, gizartearen eta hezkuntzaren premiak ez baitira aintzat hartu. Egun, Zorrotzaurren 'ikerketa eta berrikuntza aplikatuari' loturiko Lanbide Heziketako ikastetxe publiko bakar bat eraikitzea dago aurreikusita, baina ez dago proiekturik Haur Hezkuntzarako, Lehen eta Bigarren Hezkuntzarako. Hori gutxi balitz, ez dago edozein auzotan beharrezkoak diren oinarrizko gizarte zerbitzurik.
Gure ustez bestelako politika mota bat egin daiteke. Urruti joan gabe, eta Bordele adibidetzat hartuz, ikasleak, gazteak eta jarduera ekonomiko berriak erakartzeko politika garrantzitsuak garatu dituzte, betiere parametro publikoen pean, unibertsitate publikoa proiektu osoaren ardatz gisa hartuta. Baina 'Euskadiko jakintzaren Manhattanen' ez dago publikoarentzako lekurik. Goi-mailako hezkuntzan sartzeko bide bakarra gehiengoarentzat ezinezkoak diren diru-kopuruak ordaintzea bada, elitismoaz ari gara hitz egiten, hau da, herritar guztien eskubideak gutxi batzuentzako pribilegio bilakatzeko prozesuaz.
Erakundeen babesa izango duen, eta zientzia eta jakintza demokratizatuko dituen unibertsitate publiko eta sendo baterako sarbidea bermatu behar dugu. Garapen eta hedapen bidean, unibertsitate publikoa bazterrean utzi duen Zorrotzaurreko Unibertsitate Hiriaren proiektuak hezkuntzaren eta jakintzaren pribatizaziorako bidea hartu du; hezkuntza deskonektatu egin du herritarrengandik, eta merkataritzara eta interes partikularretara zuzendu du.
Ondorioz, STEILASek hezkuntza eta gizarte eragileekin, eta sindikatuekin batera plataforma anitza osatzeko urratsak emango ditu hezkuntza publikoa, inklusiboa eta kalitatezkoaren defentsan.
Ez dugu pribilegioen uharterik nahi, ez gure hirian, ezta gure politika publikoetan ere. Interes politiko-ideologikoen, zein merkataritza-interesen mende egongo ez den goi-mailako hezkuntza publikoaren alde lanean jarraituko dugu.