Toki komunikabideen erronkak aztergai datorren astelehenean, TOKIKOM Jardunaldietan

Erabiltzailearen aurpegia TOKIKOM 2016ko aza. 7a, 07:00

Bost urte beteko dira laster BERTON eta PREST! aldizkariek eta BILBO HIRIA IRRATIAK, beste 20rekin batera, TOKIKOM, toki komunikabideen bateragunea, sortu zutela, komunikabide txikion panorama sendotzeko asmoz. Gainera, 25 urte ere badira, Arrasaten toki komunikabideon etorkizuna marrazteko ARKO Jardunaldiak egin zirela.

Bi urteurren horiek ospatzeko, TOKIKOM Jardunaldiak antolatu ditugu toki komunikabideok. Arrasaten elkartuko gara datorren astelehenean, edukietan, marketinean zein teknologian ditugun erronkei buruz jardungo dugu, komunikazioaren munduko punta-puntako profesional eta enpresen eskutik. 

Gainera, tokian tokiko komunikabideok euskararen transmisio katean betetzen dugun papera ere aztertuko dugu, eta, lehen aldiz, TOKIKOM Sariak ere banatuko ditugu, komunikabide txikiotan urtean egindako portadarik, edukirik eta ikus-entzunezkorik. Toki komunikabideotan lan handia egiten den arren, sarritan tokiko publikoak baino ez du ikusten, eta sari hauen helburua egindako lan nikain horiek publiko zabalari ezagutaraztea da. 

Jardunaldiok datorren astelehenean izango dira, azaroaren 14an, Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean. Informazio gehiago eta izen ematea, http://tokikom.eus/jardunaldiak webgunean.