Egunero Euskararen Eguna

Erabiltzailearen aurpegia TOKIKOM 2025eko abenduaren 3a

Abenduaren 3a iritsi da berriz eta, harekin batera, Euskararen
Nazioarteko Eguna. Inguruan ditugun lagun askorentzat egun
berezia da ‘Euskararen Eguna’, euskararen alde agertzeko data
seinalatua.

Zentzu horretan, gaurko egunak gutxi dauka berezitik TOKIKOM
osatzen dugunontzat. Euskaraz eta euskararen alde jarduteko sortu
ginen, eta halaxe jarraitzen dugu: gertuko informazioa
profesionaltasunez eta kalitatez lantzen, euskara profesionaltasun
eta kalitate horren parte ulertuta. Egunero egiten dugu euskaraz
eta euskararen alde. Guretzat, beste zenbaitentzat bezala, egun
guztiak dira Euskararen Eguna.

Hala ere, ongi etorria ospakizuna, eta data seinalatua, noski! Taupa
Mugimenduko lagunek egindako manifestuarekin guztiz bat dator
TOKIKOM: gure eguneroko lana bada euskararen txinparta horri
eustea, sua piztuta mantentzea eta haren goxotasuna eskuz esku
pasatzea. Euskarara erakartzea etxetik gertuko informazioa landuz,
kalitatez, profesionaltasunetik eta konpromisotik, etxeko suaren
goxotasuna bezalakorik ez baitago. Abenduaren 3an, eta urteko
beste 364 egunetan ere.