Hirugarrenez ospatuko den TopaEguna Bizkaiara dator (aurreko edizioak Azkoitia eta Soraluzen ospatu ziren) eta aurtengo egunaren antolakuntzan Euskaltzaleen Topaguneaz gain Derioko Tximintx elkartea eta Bizkaiko hainbat euskaltzale elkarte aritu dira.
Aurtengo edizioan ere jai-giroa eta kideen arteko esperientzien trukea eta hartu-emana uztartuko ditugu. Horregatik, eguneko egitarauan azpimarratzekoa da goizean antolatu den esperientzien trukegunea. Derioko Kultur Birika gunean euskaltzaleen elkarteetan azken urteotan interesgarriak izan diren bederatzi proiekturen aurkezpena egingo dute egitasmoon sustatzaileek. Esperientzia horien artean daude euskarazko komunikabide, kultur dinamika, familia transmisio edo boluntarioen aktibazioarekin lotutako egitasmoak, besteak beste. Hortaz gain, beste gizarte mugimenduetako esperientzietatik ere ikasteko asko dagoela jakinik, aurten mugimendu feministak izango du lekua TopaEgunean, Aztarnak izeneko egitasmoa aurkeztuko baita.
Ekitaldi berezi batekin abiatuko da urriaren 11ko hitzordua. Berbak erein izeneko ekitaldian, 15 urte barruko Euskal Herri euskalduna irudikatu eta ametsak ereingo dituzte bertaratutakoek. Ereindako ametsak eta hitzak 2029an jasoko dira, uzta biltzean ametsak zenbateraino bete diren ikusi ahal izateko.
Gainontzean, egitarauak adin guztientzako eskaintza izango du. Ekitaldi nagusia arratsaldeko seietan egingo da, bertaratutako euskaltzale guztien parte hartzearekin, baina egunean zehar aisialdi eta kultur eskaintza oparoa izango da. Bertan izango ditugu, besteak beste, Gibelurdinek, Zizka Mizka eta Fan&Go musika taldeak, Irrien Lagunak, Dinbi Banda perkusio taldea, kantuzaleak edo umeentzako tailerrak eta puzgarriak. Txakolin eta garagardo dastaketak ere izango dira.
Urteroko filosofiari eutsiz aurten ere Derioko herritarrek protagonismo handia izango dute TopaEgunean (herriko musikari, hezitzaile, dantzari eta euskaltzaleek auzolanean arituko dira urriaren 11an), baita inguruko herrietako euskaltzaleen elkarteetako kideek ere.
Euskal Herriko Euskaltzale guztiei gonbitea egiten diegu antolatzaileek urriaren 11n Derion bildu daitezen.