Udagoieneko Ostera kontzertu eta ikuskizun berriekin dator

Erabiltzailearen aurpegia Euskaltzaleen Topagunea 2016ko aza. 2a, 13:11
Ana de Castro, Lorea Agirre eta Jasone Mendizabal aurtengo Udagoieneko Osteraren aurkezpenean

Lurrak ikuskizuna, Korrontzi taldea, Ken7, Anje Duhalde, Niko Etxart, Willis Drummond eta Inoren Ero Ni izango dira aurtengo zirkuituan.

Bizkaiko Kultur zirkuituaren XVII. ediziorako "kultura maite duten euskaltzaleak sorgintzeko moduko kartela" osatu dute Euskaltzaleen Topaguneko kideek, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. 

Aurtengo zirkuituan dantza, antzerkia eta musika izango dira protagonista. Topaguneko presidente Jasone Mendizabalek aurreratu duenez, "labetik atera berriak diren lanez gozatzeko aukera izango da, erreferentzia diren euskal musikarien zuzenekoekin; istorioak modu originalean kontatzen dituen antzerki berritzailearekin; dantzaren bidez antzinako eta egungo erritmoak uztartzeko bizipenekin etab". 

Azaroan eta abenduan zehar, beraz, "punta-puntako" bost ikuskizun izango dira Bizkaiko bost aretotan. Horrez gain, solasaldia ere izango da Bilboko Kafe Antzokian, Willis Drummond taldeeko kideekin. Zenbat Gara euskaltzaleen elkarteaz batera antolatu da solasaldi berezi hau, zaleei sortzaileekin zuzenean hitz egiteko aukera emateko eta, bide batez, "euskaltzaleen mugimendura gerturatzeko atea parez pare zabaltzeko". 

"Musikaren eta antzerkiaren bueltan gozaraztea" da Udagoieneko Osteraren helburua. Euskaltzaleen arteko harremanak "artez, sormenez eta gozamenez, gertutik goxatzea". 

 

Lurrak ikuskizuna. Azaroak 5, larunbata. Markina-Xemeingo frontoian, 20:00etan. Sarrera: 8€. XX. mende erdialdeko lantegi batean geratzen den istorio bat kontatzen dute soilik irudiak, musika eta komedia fisikoa erabilita. Lau akrobata, lau musikari eta clown bat dira eskenatoki gainean aritzen direnak.

 

Korrontzi Dantzan, ikuskizuna. Azaroak 5, larunbata. Arrigorriagako Lonbo aretoan, 20:00etan. Sarrera: 8€. Korrontzi Dantzan egitasmoari esker, antzinako tradizioa moldatu eta errepertorio berria sortu da eta, gainera, koreografia ikusgarriak zabaltzen ari dira herriz herri.

 

Ken7, kontzertua. Azaroak 11, ostirala. Zallako Zine Antzokian, 20:00etan. Sarrera 12€ aldez aurretik, 15€ bertan. Phoenicoperus lan berriaz datoz Osterara Ken7koak. Taldeak emozioak eta intentsitateak orekatzeko ohi duen abileziaz moldatuta, abestiok gure barnean behin eta berriro piztu daitezen ekoiztuta.

 

Anje Duhalde eta Niko Etxart, kontzertua. Abenduak 2, ostirala. Bilboko BBK salan, 20:00etan. Sarrera: 12€. Bere ibilbide osoaren erakusgarri den zuzeneko disko batekin dator Anje; hasierako zein azken laneko kantuak entzun ahalko dira Udagoieneko Osteran. Niko Etxart, berriz, Hapa-Hapa taldearekin batera dator, Bilboko BBK Sala energia handiko kantuez betetzeko, zinezko rockaren jarrera gogotsu, baikor eta bizia islatuz.

 

Solasaldia Willis Drummondekin. Abenduak 14, asteazkena. Bilboko Kafe Antzokian, 11:00etan. Doan. Willis Drummond taldeko kideekin solasaldia. Sortzaileekin zuzenean hitz egiteko eta euskaltzaleen mugimendura hurbiltzeko aukera bikaina. Zenbat Gara elkarteak bideratuta.

 

Willis Drummond eta Inoren Ero Ni, kontzertua. Abenduak 22, osteguna. Bilboko Kafe Antzokian, 21:30ean. Sarrera 10€ aldez aurretik, 12€ bertan. Bi taldeak datoz disko berriaz. 

Willis Drummonden bosgarren estudioko lanean, 'Tabula Rasa', 90eko hamarkadako eszena independente eta alternatiboak, 80eko post-punka tarteka edota Dead Boys bezalako taldeen hasieretako punk-rocka ere sentitzen ahal dira. 

Inoren Ero Ni ere bere bosgarenaz dator: 'Iennei.' Dantza beltza. Beltzean dantza. Egungo laukoteak elkarrekin eta elkarrekikoan ondu lehenengo lana izaki, diskoak badu berritik. Laburra ekoizpena baina durduzagarrian luze eta arraroan oro atsegin.

 

Sarrerak eta informazioa

Interneten, BBKren kutxazainetan eta eroetan bertan eros daitezke. Libe eta Sorkunen kontzertuetarako, Kafe Antzokiaren webgunean edo Ticketea atarian ere eskura daitezke. 

Informazio gehiagorako, Euskaltzaleen Topaguneko web orrira jo.