XIII. Kameratoian “dzanga” egiteko izen ematea zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Euskaltzaleen Topagunea 2017ko ira. 18a, 10:43

Abian da Kameratoian, XIII. Euskal Herriko Ikus-entzunezko Rallyan, izena emateko epea. Rallya aldaketa garrantzitsu batekin dator aurten: Lekeition ospatuko da, urria amaieran.

Kameratoia Lekeitiora eramateak helburu zehatza du: gazteak euskarazko ikus-entzunezkoen mundura salto egitera bultzatzea, askori lehen aukera eskaintzea, eta ausartzeko moduko lehiaketa bat eskura jartzea.

Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak elkarrekin eman duten pauso berri bat izan da; Euskal Herriko gazteentzat propio, espazio berri bat zabalduko da euskarazko zinemaldi bakarrean, Euskal Zine Bileran. 

Lehiaketa honetan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek hartu dezakete parte eta urriaren 15era arte izango da zabalik izen ematea, www.kameratoia.eus webgunean.

Kameratoiko parte hartzaileek, 48 ordutan film bat grabatzeaz gain, aukera izango dute euskarazko zinemaldia barrutik bizitzeko, jendea ezagutzeko, ondo pasatzeko eta, agian, sari potoloren bat irabazteko. 

 

Aurtengo kronograma

XIII. Kameratoia urriko azken bi asteburutan banatuta burutuko da:

Urriaren 20an, rallyaren aurtengo gaia eta ezaugarriak aurkeztuko dira online, www.kameratoia.eus webgunean. Goizeko 11:00etan aurkezpen bideo bat zintzilikatuko da, baita XIII. edizio honi dagozkion oinarri, arau, baldintza teknikoak eta abarrak zehatz jasotzen dituen txosten bat ere. Eguerdiko 12:00etatik aurrera, parte hartzaileek 48 ordu izango dituzte filma egin eta antolakuntzari helarazteko.

Urriaren 22an, eguerdiko 12:00ak baino lehen, antolakuntzak ikus-entzunezko lanak jasoko ditu.

Urriaren 28an, sari banaketa ekitaldia ospatuko da Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan. Bertan, lan guztien emanaldia eskainiko da eta epaileek erabakiko dute zeintzuk diren hiru lan irabazleak; 2.600 euro banatuko dira haien artean. Publikoaren saria ere izango da, aurten hirugarren urtez.

Kameratoiaren beste helburuetako bat parte hartzaileen ekoizpen artistikoa gizarteratzea da. Horregatik, lehiaketan sortutako pieza guztiak Creative Commons Aitortu–Partekatu lizentziapean zabalduko dira.

Izena ematen duten lehen 30 taldeek soilik izango dute parte-hartzea bermatuta, eta gainontzekoak itxarote zerrendan sartuko dira. Lehiaketaren oinarriak webgunean daude ikusgai osorik.

 

www.kameratoia.eus