Gero eta aldeko gehiago

Iñaki Sagardoi eta Oskar Zapata

2024ko apirilaren 17an “Gero eta aldeko gehiago” dokumentua aurkeztu genuenetik, hainbat gizarte eragileekin partekatzen ari gara. Horratx ideia batzuk:

Egoera soziolinguistikoak neurtzeko erabiltzen diren adierazleei erreparaturik, euskal hiztun komunitatea, euskararen etorkizuna beraz,  egoera zaurgarrian dagoela Nafarroako eskualde guztietan esan behar dugu.

Bistan da, indarberritze prozesuan, aurrera egiteko egiturazko aldaketak behar ditugu alor juridikoan eta ekonomikoan. Bultzada politikoa eta gizartearen babesa behar dira.

Nafarroan gaur egun,  euskara sustatzearen alde gauden herritarrak gizarte honen  herena gara. Gure ustez, erronka nagusia da epe ertainean gehiengoa izatera pasatzea. Izan ere, nafar herritarren gehiengoaren babes eta akuilua izanik,  parlamentuan onartuko eta Administrazioek hartu behar dituzten neurriek  atzera bueltarik izan ez ditzaten bermea aunitz handiago izanen baita.

Dena den, gehiengoa izan gabe ere, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak bermatu behar ditu Administrazioak demokrazia eta  herritarron berdintasun printzipioan oinarriturik.

Babes soziala handitzea helburu azken hiru urteetan, euskararen aldekotasun eta kontrakotasun jarreren zergatiak aztertu ditugu Nafarroan. Hainbat faktore daude baina gai zentral batek zipriztintzen du euskararen gaia: estatu proiektuen arteko talka, nazio identitateen talka. Esan liteke,  ikuspegi bakoitzaren atzetik euskararekiko jarrera jakin bat igartzen dela, ñabardurak ñabardura, noski.

Gure ustez, euskara sustatzearen alde ez dagoen bi hereneko kopuru hori gutxitzeko eta aldeko garen herena handitzeko, dikotomia horretatik ateratzea eta euskararen sustapenaren inguruan nafar gehienek partekatzen ditugun baloreetan oinarrituriko aliantza berriak eraikitzea estrategikoa eta posiblea da.

Hortaz, egin dugun proposamenaren bidez, euskararen aldeko aliantzen eremua zabaldu nahi da, ohiko dikotomia horien ardatzak mugitzeko, birkokatzeko, tresna ezberdinak plazaratuz, gaur egun euskararekiko atxikimendua sentitzen ez duen  jende multzoari euskararen aldeko pertzepzioak eta posizioak aldatzeko heldulekuak eskaintzearren.

Ildo horretan, bi bide jorratzea proposatzen dugu: harremanak areagotzea, konplizitate berriak eraikitzeko asmoz, eta Nafarroako herritar gehienok partekatzen ditugun balioetan oinarritutako kontakizunak lantzea eta sozializatzea. Eta, jakina, praktiketan eta portaeretan koherenteak izatea esaten eta proposatzen denarekin.

Gure iritziz, jokabideei dagokienez, bi hitz gako daude: gertutasuna eta enpatia. Kontakizunak eraikitzeari dagokionez, bi ildo diskurtsibo garatzea lehenesten dugu: pentsamendu eta praktika ekologistatik eratorritako balioen multzoa eta errespetu demokratikoan oinarritutako elkarbizitza.

Zentzu honetan, uste dugu garrantzitsua dela Nafarroako gizarteari adieraztea euskararen aldeko jarrera, abertzaleen gauza bat izateaz harago, berdintasunaren, aniztasunaren, jasangarritasunaren, demokraziaren eta elkarbizitzaren aldeko jarrera politikoa dela; eta inboluzio demokratikoa eta autoritarismoa sustatzen eta predikatzen dutenen aurkakoa.

Harremanen eta kontakizunen bidez, balore horien alde lan egiten duten pertsona eta erakundeen ideologiaren koherentzian,  gogoetak eragitea bilatzen dugu: aniztasunaren alde bagaude, berdintasunean sinesten badugu, ez al da koherentea euskara sustatzearen alde egotea? ; euskararen alde bagaude ez al da koherentea autoritarismoaren kontra jokatzea?;  Elkarbizitzan sinesten badugu, ez al da koherentea euskarak ere Nafarroan osasun ona izan dezan aldarrikatzea?

Gure ustez,  euskararen inguruko eztabaida eta posizionamenduak parametro berri  hauetara ekartzea (Berdintasuna, Aniztasuna Vs Uniformazioa; Bizikidetza Vs Autoritarismoa)  aberasgarria izan daiteke, aliantza eta konplizitate berriak eraikitzeko.

 

Iñaki Sagardoi eta Oskar Zapata

Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko kideak.