Sistema kapitalista heteropatriarkarrak eta espainiar estatuak eragindako zapalkuntzen aurrean antolatzeko sortu da Ikasleok Zorrotz, aurretik zeuden borrokak hauspotu eta horien bozgorailu izateko asmoz. Mugimenduaren sare sozialak eta e-maila ere sortu dituzte, eta horien bidez harremanetan jartzeko eta bitartekoak eskuratzeko ikasleokzorrotz@gmail.com-era idazteko eskatu dute.
"Erreformen eta inposizioen aurrean", Euskal Herriak hezkuntza sistema propio eta burujabe bat behar duela aldarrikatu dute: "Herritik eta herriarentzako izango dena, euskalduntzen duena, feminista, kolektiboa eta parte hartzailea, kritikoa, baztertzailea ez dena... Euskal Herria ere, halakoa izan dadin!".
Ikasleok Zorrotz manifestua:
Lan esku merkea, indibidualista, sumisoa eta akritikoa; hori da egungo hezkuntza sistemaren produktua. Eskolak sistema kapitalista heteropatriarkalak herritarrak bere zerbitzura hezteko fabrikak dira, jendartea bere moldeetan eraikitzeko trokela. Hezkuntza sistema hautaketa tresna bat da, balio dutenen eta balio ez dutenen arteko banaketa egiteko, motibazioa galdu behar dutenak desmotibatzeko... Finean, hezkuntza sistema, sistema bere horretan erreproduzitzeko ezinbesteko tresna da.
Sistema kapitalista heteropatriarkala krisitik ateratzeko, elite ekonomikoak hezkuntzan ere errotiko eraldaketak inposatzen ari dira, honen merkantilizazioan sakonduz, eta ikasleon ikas-baldintzak okertuz eta gure eskubideak urratuz, hezkuntza komunitateko beste sektore batzuenak bezala.
Hego Euskal Herrian inposizio horrek Espainiar estatuaren zigilua darama, eta murrizketen eta LOMCEren forma hartzen du, lege atzerakoi, merkantilista, espainol-doktrinatzaile eta sexista. Ikasleok eta hezkuntza komunitate osoak, mobilizazio handiak egin ditugu LOMCEren aurka, eta herritarren gehiengoa honen aplikazioaren aurkakoa bada ere, aplikatzen ari dira. Horretarako PNVren gobernua ezinbesteko bidelagun izan da, legearen araberako azterketak egin zituelarik hainbat ikastetxetan aurreko ikasturte amaieran. Ikasleok, planto eginez erantzun genien azterketa hauei!
PNVren gobernuak hezkuntza erreformaren oinarrizko elementuak eusko-labelarekin ezartzeko aurpegi-zuritzea martxan jarri du ordea, Heziberri2020 planaren eta Hezkuntza Lege berri baten aldeko jarduna hasiz eta garatuz ikasturte honetan zehar. Sumisioaren eta inposizioaren legea saldu nahi digute, berrikuntzaren eta parte hartzearen izenean. Baina ikasleok ez gaituzte engainatuko, Cristina Uriarte Wert espainiar ministro ohiaren delegaria izan zen, eta egun Madrildik inposatutakoaren morroi izaten jarraitzen du! Gainera, azpimarratu nahi dugu hezkuntza komunitatearen parte garrantzitsua izanik, ikasleok baztertuak izaten garela hezkuntzari dagozkion erabakiguneetatik.
Horregatik hainbat ikasle batu gara Ikasleok zorrotz! dinamika martxan jartzeko. Dinamika honen helburua ikasleria aktibatzea da, gure hitza entzun-arazteko. Erreformen eta inposizioen aurrean, Euskal Herriak hezkuntza sistema propio eta burujabe bat behar du,herritik eta herriarentzako izango dena, euskalduntzen duena, feminista, kolektiboa eta parte hartzailea, kritikoa, baztertzailea ez dena... Euskal Herria ere, halakoa izan dadin!
Ikasleok, ikastetxez ikastetxe, bagabiltza borroka lokalen bidez kolektiboki hezkuntza eraldaketan, eta Ikasleok zorrotz! dinamika guzti hauen bozgorailu izatea nahi dugu, denak hezkuntza sistema eraldatzeko borroka beraren parte direla adierazteko. Horretarako txikitik hasiko gara lanean, ahaldunduz eta saretuz, datozen hilabeteetan borroka guzti hauek lehertzeko! Entzun gaitzaten: inposaketen aurrean, ikasleok hezkuntza sistema propio eta burujabearen alde egingo dugu!
Beraz, ikasle guztiak animatu nahi ditugu gaurdanik dinamika hau zabaldu dezaten ikastetxeetan, eta dinamikaren parte izan daitezen. Harremanetarako eta bitartekoak eskuratzeko, sare sozialen bidez edo ikasleokzorrotz@gmail.com helbidearen bidez egin daiteke!
Ikasleok zorrotz!
Hezkuntza herritik eta herriarentzat!