Pisa, LOMCE eta Heziberri bezalako erreforma eta azterketen aurrean "zorrotz" daudela aldarrikatu dute Ikasleok Zorrotz dinamikako kideek Bilbon egindako protesta jendetsuan. Arriagatik abiatuta egin dute manifestazioa ehunka ikaslek, eta ibilbidean eserialdia egin dute. Ezetz esan diete azterketa arrotzei: "Ezezkoa esaten diegu anti-demokratikoak direlako, Hezkuntza Komunitatearen eta honen parte garrantzitsu garen ikasleon hitza kontuan izan gabe inposatu dizkigutelako. Ezezkoa sexista delako eta genero bereizketan sakontzen duelako; Ezezkoa, española delako, hizkuntzaz zein kulturaz; Ezezkoa, erreabalida eta azterketa ezberdinen bidez, ikasleon arteko lehiakortasuna eta indibidualismoa sustatzen dutelako".
Azterketa arrotzen aurrean "herritik eta herriarentzat" izango den hezkuntza sistema bat eskatu dute. "Hezkuntza ezinbesteko zutabea da herri aske bat amesten dugunontzat. Hezkidetzan oinarrituko den hezkuntza sistema bat nahi dugu, Euskal Herri feminista eraikitzeko; euskalduntzen duen hezkuntza sistema bat nahi dugu, Euskal Herria euskalduna izan dadin; kritikotasuna sustatzen duen hezkuntza bat nahi dugu, errealitatea eraldatzeko tresnak eskuratzeko, elkarlana sustatzen duen hezkuntza bat nahi dugu, herria kolektiboan eraikitzen delako... herritik eta herriarentzako hezkuntza aldarrikatzen dugu, baita eguneroko borrokan eraiki ere!". Hezkuntzatik abiatuz, desobedituz eta eraikiz Euskal Herri burujabea eraikitzeko deia egin dute.
Lanean jarraitzeko deia
Bide horretan, datozen asteetan hezkuntza komunitateko kide ezberdinekin lanean jarraitzeko deia egin dute. Larunbatean izango dute hurrengo hitzordua: ikasle egunean. Halere, datozen asteetan ere lanean jarraitzeko deia egin dute: "Gaurko indar erakustaldiak emandako indarraz, asanbladak deitzea tokatzen zaigu orain ikastetxeetan, herrian eragile ezbedinekin harremanak egitea, planto egiteko protokoloa gure errealitatera egokitu eta ikasleen artean zabaltzea, atxikimenduak jasotzea... jarrai dezagun lanean!".
Iturria: topatu.eus