Udaberri honetan "inposaturiko azterketei aurre egiteko" protokolo bat zehaztu dute Ikasleok Zorrotz dinamikak eta Hezkuntza Topaguneen Plataformak elkarlanean. Hain zuzen, hainbat ikastetxetan jada egiten ari diren plantoei "bultzada kolektibo" bat ematea dute helburu protokoloarekin, "herri oso bat irudikatzeko errebaliden eta erreformen aurka".
Horretarako, ikasle, irakasle zein gurasoekin hartu beharreko jarrera zehaztu dute protokoloan, baita azterketa egunen aurretik zein egunean bertan planto egiteko egin beharrekoak ere. Zehaztu dutenez, batez ere DBH 4. mailako errebalidetan zentratuko dira planto hauek egiterako garaian, ikasturte honetan ez dutelako ondorio akademikorik izango.
Borrokarako tresna gisa zabalduko dute orain protokoloa herri eta ikastetxe ugaritan. Nolanahi ere, zehaztu dute ikastetxe bakoitzerako moldagarria dela protokoloa.