Ekainaren 16an kalera irteteko dei egin dute Altsasuko gurasoek

Erabiltzailearen aurpegia Topatu.eus 2018ko eka. 7a, 09:39

Bi eta hamahiru urte bitarteko kartzela zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak Altsasuko zortzi gazteei. Hori dela eta, egoera salatu eta borrokan jarraituko dutela aldarrikatzeko, Altsasuko gurasoek manifestazioa antolatu dute ekainaren 16an Iruñean. Hainbat mobilizazio egin dira herri eta hirietan.

Joan zen ostiralean, ekainak 1, jakinarazi zuten Espainiako Auzitegi Nazionalaren berria: lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak egotzita bi eta hamahiru urte bitarteko espetxe zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak Altsasuko zortzi gazteei. 

Epaiaren aurrean, Altsasuko gurasoek agerraldia egin zuten Iruñeko Katakrak-en. Ekainaren 16an Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzeko dei egin diete herritarrei, gazteei ezarritako zigorra "mendeku politikoa" dela salatuz eta borrokan jarraituko dutela aldarrikatuz. 

Mobilizazio nagusia ekainaren 16an baldin bada ere, orain arte hainbat elkarretaratze zein manifestazio egin dira zenbait herri eta hirietan. Horietariko bat Bilbon egin zen, argazkian ikusten dena, eta ekainaren 16an deialdia errepikatu daiteke.