Nondik dator Kalejiraren ideia?
Kalejira 2013.urtean egin zen eta Euskal Herriko hiriburu desberdinetako gazte konpartsak batzea zuen helburu. Beharrak, arazoak eta proposamen guztiak elkarbanatu eta proiektuen inguruan hitz egitea zen oinarrietako bat.
Elkartruke antzeko bat egiten genuen. Hiriburu bakoitzeko gazte konpartsetako kideok momentu horretan jaiak ziren hiriburura joaten ginen; esaterako, San Ferminetara joan ginen Gazte Egunean edo beste hiriburuetako gazte konpartsak etorri ziren Kaskagorri Egunera. Aurre – lanketetan egitarau komun bat osatzen genuen konpartsen artean.
Zein izan da aurten egin duzuen apustua Kalejirari dagokionean?
Azken kalejiratik denbora pasatu da eta hausnarketarako beharra dugula identifikatu dugu, batez ere jai eremu batean gazte izanik. Konpartsa batean dagoen potentzial guztia, gazteok dugun autogestiorako gaitasuna, etab… Aurten beraz, berriz ere Kalejira martxan jartzeko prozesua hasiko da. Bilboko jaietan egingo da, Kaska Egunean, abuztuaren 20an.
Zein izango da ekimenak izango duen formatua?
Goizeko hamabietan asanblada bat egongo da, hiriburu guztietako konpartseroak batzeko. Egunean zehar, berriz, Kaska bazkarira apuntatzeko aukera egongo da eta ostean batukada ere antolatuko da. Arratsaldean hiriburuetakoak ez diren konpartsei deituko zaie, etorri eta gainontzekoekin batzeko. Batez ere, gazte konpartsak elkartu eta hausnartzeko unea izango da, aurrerapausoak ematekoa.
Hainbat ekimenekin (esaterako, BBK Live) herrikoia ez den jai eredu bat sustatzen dabiltza eta kurtsoa nahiko berezia izan da. Egoera hau aprobetxatuz erabaki zen Kalejira berreskuratzea, nahiz eta oraindik lehen pausua izango den. Ondoren elkartzea eta saretzea izango da helburua, ideia berriei eutsiz.