Bizkaiko Gazte Euskaltzaleon Topaketak eskualdez eskualde aurkeztuko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Topatu.eus 2018ko urr. 24a, 12:52

Egitarau zabala osatu dute Bizkaiko Gazte Euskaltzaleek azaroaren 10erako, eta laster emango dute egunari buruzko zehaztapenen berri. Euskara ardatz, Portugaleteko Merkatuan egingo dituzte topaketak.

Martxoan egin zuten Bizkaiko Gazte Euskaltzaleen Topaketak antolatzeko 0.bilera, eta ordutik buru-belarri lanean aritu ondoren, pixkanaka forma hartzen doa azaroaren 10erako Bizkaiko gazte euskaltzaleek prestatu duten egitaraua. Asteotan egunari buruzko xehetasunak emango dituzte sare sozialen bidez, baita datorren astean egingo duten agerraldiarekin ere.

 

Era berean, topaketak gazteei azaldu asmoz aurkezpenak egingo dituzte asteotan Bizkaiko txoko askotan: urriaren 24an Bilboko Alde Zaharrean, 25ean Santurtzin, 26an Mungian, 31n Durangon, azaroaren 1ean Arrigorriagan, azaroaren 2an Algortan eta 3an Gernikan, besteak beste.

Eguneko bonoak, bestalde, 6 euroren truke jarriko dituzte salgai Bizkaiko hainbat puntutan: Deustuko Herriko Tabernan, Adaxkan (Bilbo), Casa Vicenten (Portugalete), Taxka tabernan (Santurtzi), Eguzki tabernan (Barakaldo), Bulkada gazte tabernan (Algorta), Tsunamin (Gorliz), Ospa tabernan (Gernika), Galarrenan (Lekeitio), Aldapa tabernan (Arrigorriaga), Mungiko Herriko Tabernan, Axular tabernan (Igorre) eta Intxaurren (Durango).