Borroka lokaletatik abiatuta Euskal Herriko hezkuntza sistema burujabea eraikitzeko deia egin dute Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Topatu.eus 2019ko mar. 29a, 12:37

Ehunka ikasle batu dira Bilboko kaleetan Ikasleok Zorrotz mugimenduak deituta, 'Dagokiguna borrokatu' lelopean. "Hezigunez hezigune piztu ditugun su horiek guztiak batu eta argi utzi dugu zapaltzen gaituen sistema matxista, español, lehiakor eta autoritario honen errautsak baino ez ditugula utziko".

Ikastetxez ikastetxe urtean zehar hainbat borroka egin ondotik, guztiak batzeko elkartu dira gaur Bilbon Bizkaiko ikastetxeetako ikasleak, Ikasleok Zorrotz mugimenduak deituta. Egungo hezkuntza sistema "matxista, española, lehiakorra eta autoritarioa" salatu eta Euskal Herriko sistema propioa eta burujabea eraikitzeko deia egin dute. 

Azaldu dutenez, borroka lokalak lau ildoren baitan antolatu dituzte aurten ikastetxeetan: euskara, hezkidetza, eduki propioak eta ikas baldintza duinak. Horien baitan askotariko borrokak garatu dituzte: "Komun komunak, patioen erabilera parekidea, ikasketa planetan eduki propioak bermatzea... ikastetxetik hasten baita gure egunerokotasuna iraultzeko borroka".

Horiek borrokatuz ahaldundu direla nabarmendu dute, eta borroketan sakontzeko ikasleen artean saretzen jarraituko dutela jakinarazi. Euskal Herria hezkuntzatik eraikitzeko, sistema propioaren alde egin dute: "Erreformen eta inposizioen aurrean, Euskal Herriak hezkuntza sistema propio eta burujabe bat behar du, herritik eta herriarentzat eraikia, euskaratik eta feminismotik eragiten duena, kolektiboa, kritikoa, baztertzailea ez dena... Euskal Herria bera ere halakoa izan dadin".