Urrats bat biodibertsitatearen alde

Erabiltzailearen aurpegia Txabi del Corte 2015ko mai. 5a, 10:04

Argazkia: flemingvillabona.blogspot.com

Aspaldidanik dakigu Lurraren egoerak txarrera egin duela asko, beroketa globala eta horrelako beste hainbat hitz entzunda ditugu jadanik. Birziklatu behar dugula, gela batetik irtetean argia amatuta uzteko, ura erabili ezean txorrota berehala ixteko… Baina ohartu egiten al gara benetan ekintza hauek eginda gure planetari lagundu egiten diogun? Edota txikikeria horiek ez dutela ezertarako balio gure bizilagunek ez badute ezertxo ere egiten? Horrela bada, gure esfortzuak ezertarako balio ote du?

Biodibertsitatearen zuzeneko arrazoia gu geu, gizakiok, gara. Arduragabekeriagatik, pertsona askok ez dute ezta zakarrontzia erabiltzen ere, eta natura zakarrez bete eta ingurunea bera suntsitzen dute. Beste batzuek, mendian dabiltzala, piztutako su eta zigarro asko ez dituzte itzaltzen eta, horrenbestez, basoak soiltzen dira.

Gizartearen kontsumismoagatik eta bizi-kalitatea hobetzearen erruz, gure izadia hondatu dugu; esaterako, bete gabeko gehiegizko eraikuntzek ere eremu handi bat bete dute lurrazalean zehar.

Gure kontzientziak nahiko lasai daude kanpoan gertatzen ari diren gertakariak kontuan hartuta. Ez gara konturatzen erosten ditugun erregaiak ez direla berriztagarriak; gainera, horiek erabiltzean airera isurtzen diren gas kutsatzaile mordoa gure ingurunean geratzen dira eta airearen kalitatea gutxitzen dute. Hau dena gutxi balitz, ozono geruza zulatzen laguntzen dute, eta, hori dela bide, lurraren tenperatura orokorra igo egiten da.

Energia berriztagarriei atentzio gehiago eman beharko genieke. Garestiagoak bai, baina hemendik 20 urtera energia mota asko desagertzen hasiko dira eta ez dugu beste aukerarik izango. Lehen baino lehen erabiltzen eta normalizatzen hasteak abantaila txiki bat emango digu eskasia horiei aurre egiteko.

Gure gizartea zaintzen ez dugunez, egunero gure habitatak eta naturguneak suntsitzen ari gara pixkanaka-pixkanaka. Hori dela eta, animalien eta gure bizitzeko modua hankaz gora jartzen ari gara. Adibide ohikoenetarikoak dira basoak soiltzea, kostaldeak galtzea eta animaliak eta landareak desagertzea. Ozono geruza zulatzen ari gara eta, denok dakigunez, estratosferan dago, 15 km eta 35 km artean. Hori gertatzen da karbono dioxidoarengatik (CO2). Gaixotasun berriak agertzen ari dira, esaterako, kutsadurarengatik gero eta alergia eta asma kasu gehiago ditugu. Itsasoan ere gero eta kutsadura handiago dago, uraren tenperatura igotzen da eta maila ere bai.

Egoera honetara heldu garen moduan eta, kutsatzen abilak garela argi daukagun legez, buelta eman beharko genioke soluzio bat bilatuz. Horretarako, gauza txikienetatik hasita, etxeetako uraren eta argindarraren kontsumoa gutxitzea, zaborra behar den lekura botatzea edota lurrera ez jaurtitzearekin nahikoa dira hasteko, kasu.

Garraiatzeko ohiturak aldatzeak ere on egingo liguke zerbitzu publikoari atentzio gehiago emango bagenio. Baita erregai kaltegarriak alde batera utzita eta motor elektrikoen proiektuei lagunduz ere, edota energia berriztagarrien laguntzaz CO2a zerura eta errepideetatik zehar hedatuz, aurrera pausu handi bat emanda izango dugu.

Enpresa erraldoiek ere aldaketak egin beharko lituzkete pauso erraldoi bat emateko, eta betirako oinarrizko arauak ezarri ahalik eta gutxien kutsatzeko, inguruan duten izugarrizko inpaktua murriztuko badute. Hala ere, eguneroko lana bilakatu beharko genuke kalte guztia edo, behinik behin, horren zati bat konpontzeko.

Artikulu honen helburua biodibertsitatearekin sentsibilizatzea da, eta honetaz ikastea gure gizartea zaintzeko, hemen biziko baikara urte askotarako. Hau dena aurrera ateratzeko, proposatu nahi dizuegu bideoak grabatzeko eta sare sozialetan jartzeko, jendea arazoaren tamainaz jabetu dadin. Honako urrats hauek proposatzen dizkizuegu: lehenengo eta behin biodibertsitatearen aldeko keinu txiki bat egin eta bideoan grabatuko dugu, bideoa facebookera igoko eta bi pertsona izendatuko ditugu, beraiek bideoa igo dezatela eta beste bi pertsona nominatu; horrela, azkenean, jende ugarik parte hartu arte. Anima zaitezte, planetaren geroa guztion esku dago!

 

 


Harrobia Lanbide Ikastolako ikasle eta irakasleak

http://harrobia.net/blog/2015/04/27/urrats-bat-biodibertsitatearen-alde/