Apartheid musikala

Erabiltzailearen aurpegia Haritz "Txipi" 2014ko api. 8a, 11:09
Urte oparoak bizi ditugu musika estiloei dagokienez Euskal Herrian. Gaur egun gurean daukagun sorkuntza barietate, kantitate eta kalitatea gero eta zabalagoa da eta euskaraz sortua.

Musikari gazteak ere, lehen aldiz talde bat sortzerakoan, kasu askotan musikalki prestatuago daudela esatera ausartuko naiz. Estilo lasaiagoetatik bortitzetaraino doazen taldeen izen-sorta amaigabea da. Baita ere bakarlari zein DJak. Eta DJak aipatzen ditudanean, ez naiz ari konputagailuan Spotyfy edota Winamp zerrenda bat sortzen duen disko jartzaileaz.

Edozein entsegu lokaletatik pasatzea nahikoa da bertan egunero lanean zenbat jende aritzen den ikusteko, eta nola ez entzuteko.

Lan guzti honen testigu ordea, askotan lokaleko lau paretak soilik izaten dira. Zuzenean haien sorkuntza plazaratzeko aukera duten taldeak eskasak dira. Naiz eta gune herrikoietan izan, musika estilo oso zehatz batekin topatzen gara normalean. Zaila da gaur egun jai batzuetan *tronpeteoa ez daukan talde batekin gozatu ahal izatea, kasu askotan talde berdinak errepikatzen direlarik, beste estiloekin apartheid musikal bat sortuz eta entzuleari eskaintza murriztuz.

Herritik eta herriarentzat aldarrikapena praktikara eraman dezagun honetan ere. Bultzatu dezagun daukagun aniztasun musikala eta bermatu dezagun taula gainean estilo desberdinek presentzia izatea. Musikariek eskertuko dute, baita entzuleak ere, eta batez ere kulturak eskertuko du.

 

(*Tronpeteo hitzaren erabilpena, irakurlea kokatzearren izan da eta inolaz ere mespretxuzko esana)