Trebakuntza zabala hezitzaileei baliabide pedagogikoak eta ikastaro osagarriak eskaini asmoz

Erabiltzailearen aurpegia Urtxintxa Eskola 2014ko ira. 2a, 08:00

Bizkaiko Urtxintxa Eskolak 2014-15 ikasturterako ikastaro ugari antolatu ditu aisialdiko formazioa eta jendartearen eraldaketa eragiteko trebakuntza eskaini asmoz. Ikastaroak gazte, hezitzaile, ikasle, guraso zein norbanakoei zuzenduta egongo dira. Matrikulazio epea zabalik egongo da irailaren 1etik 30era.

Astialdiko Begirale eta Zuzendari Ikastaroak

Zalantzarik gabe hauek dira eskari gehien duten ikastaroak. 18 eta 21 urtez gorakoek aisialdian edo hezkuntza ez formalean lan egiteko aukera dute titulazio ofizial hauekin batera. Bataz beste, 400 ikasle aritzen dira urtero Bizkaiko Urtxintxa Eskolarekin trebatzen, eta euskarazko formazioa eskaintzeaz gain, aukera berdintasunean, kulturartekotasunean, parte hartzean, heziketa premia berezietan eta balio hezitzaileetan oinarrituriko heziketa jasotzen dute. Aurten ere modalitate intentsiboan (urte betean) edo estentsiboan (urte eta erdian) egiteko aukera izango da Bizkaiko zein Arabako zenbait eskualde eta hiritan.

Jendarte Kultur Dinamizatzaile ikastaroa dinamizatzaileen jardueraren kalitatea eta lana ezagutzera eta hobetzera bideratuta dago eta Eusko Jaurlaritzaren homologazioa dauka. Norbere elkarte, enpresa edo erakundearen dinamikari astindu bat emateko tresnak proposatzen dira bertan.

Hezkidetzan aditua, Heziketa premia bereziak astialdian eta Nola sustatu parte-hartzea? Ikastaroak urrian hasiko dira Bilbon. 50 eta 100 ordu bitarteko iraupena dute hirurek, eta asteroko maiztasunarekin jorratuko dira hainbat gai adituen eskutik eta aurrez aurreko bisita eta praktikak baliatuz.

Aipatzekoa da Hezkidetzan aditua ikastaroak izan duen joera azken urteetan. Izan ere, zortzigarren promozioa izan zen iazkoa, eta 150 ikasle inguru trebatu dira ikastaro honi esker Urtxintxa Eskolarekin. Gaitegia fintzen joan dira aditu taldeak, eta aurtengoak ere berrikuntzak izango ditu. Nobedade gisa, Donostian ere eskainiko da ikastaroa urritik aurrera. Emagin Elkartearekin batera koordinatzen da eta feminismoaren oinarrietatik abiatzen den trebakuntza da.

Urtarriletik aurrera, aldiz, heziketa premia berezien gaian sakontzeko aukera izango du Heziketa premia bereziak eta sexualitatea ikastaroa egiten duenak; Emaize Sexologia Zentroarekin elkarlanean antolatu da. Era berean, urtarriletik martxora bitartean Kulturarteko hezkuntzaren hastapenetan murgiltzeko ikastaro laburra prestatu dugu hezitzaileei begira.

Ikastaro laburretan zehar-lerro berriak

Aurten gai ezberdinak lantzeko aukera anitza eskaintzen du Urtxintxa Eskolak: barre-terapia; eraldaketarako hezkuntza eta kontsumo arduratsua; adimen gaitasun handiko pertsonak; haurren parte-hartzea; ipuin kontularitza; arteterapia, gorputz eta dantza adierazpena...