3.000 km

Erabiltzailearen aurpegia Uxue Gutierrez 2018ko urt. 31a, 10:07

Tallinn

Estonia. Hiriburua: Tallinn. Hizkuntza ofiziala: estoniera. Kokapena: urrunegi.

Mundua ezagutzen ez ditugun altxorrez beteta dago eta Europako iparraldean bada herrialde txiki zein liluragarri bat, ezagutu ez baina mirestu beharko genukeen herrialde horietako bat: Estonia. Urtebete igaro da bertan bost hilabete eman nituenenik, eta ezezagunak badu zerbait ona, espektatibarik eza, ezjakintasunak sortzen duen zirrara.

Hotza. Tenperatura hotza, zein jende hotza. Arrotza. Hizkuntza arrotza, kale arrotzak eta etxe arrotza. Galduta. Euskal Herritik 3.000 kilometrora, bakarrik, toki ezezaguna. Badira lehen egunetako sentsazioak, atzerrian egon den orok bizi dituenak seguraski. Emozio horiek aldi berean dira beldurgarri bezain zirragarriak eta egunetik egunera aldatzen dira.

Supermerkatura bidaia. Ulertzen ez dituzun etiketa pila bat, hamaika marka ezezagun eta aurrean duzun opila gazia edo gozoa ote den galdetzen diozu zure buruari (azkenean txokolatezko gailetak beharrean kafe zaporekoak erosi dituzu). Kutxara zoaz eta kutxazainak: "Tere", kaixo esan nahi duelakoan zaude, eta DBHko 4. mailako Tere andereñoa etorri zaizu burura, grazia egin dizu eta erantzuteko gai ikusi duzu zure burua: "Tere", zure erantzuna. Lehen pausotxoa eman duzu. Zenbat den esan dizunean ez duzu ezer ulertu, baina irribarre egin eta pantailatxoan begiratu duzu prezioa. Kalean, -20, izotza eta arratsaldeko 4rak, gaua jada. Hala ere, pozik zaude, estoniera ulertu duzu, are gehiago, erantzuteko gai izan zara.

Horrela igarotzen dituzu egunak, garaipen txikiz garaipen txiki, beharbada muturreko emozioetan murgilduta etengabe. Juergako tragoak txartelarekin ordaintzera ohitu zara, "Aitäh!" eskerrik asko bihurtu da eta aita pantailaren beste aldean dago, pixelatutako irudi bat besterik ez da. Zure gelakideak finlandesak, errusiarrak eta estoniarrak dira, bada italiarren bat, Singapurreko neska bat eta baita Georgiako bat. Pisukide nigeriarrak janari afrikarreko katering bat antolatu du zuen etxeko sukaldean eta Helsinkira bidaiak egiten ditu espezia bila. Astelehenetan parranda egitera ohitu zara eta nongoa zaren galdetzen dizuten bakoitzean Euskal Herriari buruzko speech-a prest duzu.

Distantziak perspektiba eman dizu, gauzak desberdin ikusteko aukera, denboran zein espazioan. Malkoak isuri dituzu bidean, momentuan inongo perspektibarik ez zuen bakardadean, eginda zenituen gauza asko berrikasi dituzu eta... zenbat ikasi duzun! Bidaiak, distantziak eta denborak epe laburrean ikaragarri ikasteko aukera eman dizu, munduaz eta, batez ere, zure buruaz. Eta gainera, indartsuago egin zaitu. Zuk ez dakizu, baina indartsuago egin zaitu.

 

Bidea eta bidaia; luzea izan dadila!