Agendan ez dagoena

Erabiltzailearen aurpegia Uxue Gutierrez 2018ko ots. 20a, 16:50

Norberaren agenda altxor txiki bat da: pertsonala eta besterenezina. Denboraren kudeatzailea, eta erabilera egokia emanez gero, gauzak ez ahazteko sistema baliagarria. Osagarriak ere baditu agendak gainera, oroimen taktiketan adituak bihurtu baikara. Egutegiak, mugikorreko alarmak eta eskuan apuntatzearen teknika zaharra sistema eraginkorrak izaten dira maiz, egin behar ditugun guzti horiek gogoratzeko.

Duela pare bat aste izango zen, Gazte Lokaleko txoridendan egiten ditugun bilera hotz horietako bat. Beste hainbat kontu tarteko lanketa baterako data bat zehaztu nahian genbiltzalarik, norbaitek eginbeharreko guztia antolatzeko kronograma bat egitea proposatu zuen, denboraren kudeaketa egokiaren izenean. Agenda guztiak mahai gainera. Ireki, eta nirean behintzat egunero zegoen zerbait. Ezkerrera begiratu eta fosforito pila bat albokoaren agendan, eskuinera eta horrek post-it ak eta guzti zituen egun batzuetan gainetik itsatsita. Nire buruari iragarri nion eguna topatzea zaila izango zela.

Hasi ginen. Denbora behar omen zen lanketa egiteko, patxadaz egin nahi genuen, denboraren “presiorik” gabe, presarik gabe. Hara, ze hitz potoloak, ze gutxi ohituak gauden holakoetara. Datorren ostirala? Batek. Nik ezin dut, lana. Hurrengo larunbatean? Txantxikuko asteburu pasa daukagu. Eta bi aste barru, ostiralean? Jaialdia dago eta gu gara antolatzaileak, joan beharra dugu. Astean zehar? Lana. Entrenamendua. Praktikak. Orriak pasatzen hasi ginen atzera eta aurrera etengabe agendan, hilabetea ere aldatu genuen. Ezer ez, ezin genuen.  Are gehiago, 6 besterik ez geuden bileran eta taldearen erdia falta zen erabakia hartzeko. Melodrama honen bukaera jakiteko irrikitan zaudetela badakit, gu ere horrela egon baikinen.

Isilunea bat batean. Elkarri begiratu genion Shrek eko botadun katuak begiak zabaltzen dituenean bezalaxe: penaz, etsipenez eta laguntza eske gutako norbaitek barita magikoa izango balu bezala. Norbaitek isiltasuna hautsi eta denok pentsatzen ari ginena esatera ausartu zen: neskak hau ezin da izan, ezinezkoa da egunik ez egotea. Otsailean barrena beste hiru bidaia egin ostean egon bazegoen: Ostiral bat 5 etatik 7 retara, bi bileretara ez joanda, batek lehenago alde eginda eta talde osoarekin kontrastatu gabeko erabakian. Laburbilduz, txiribuelta hirukoitza, karpa bikoitza eskurik gabe eta hanka baten gainean lau buelta eman ondoren lortu genuen “presarik gabeko” lanketa eguna jartzea. Ba listo, lerro berri bat agendan.

Eta greziar tragediak baino dramatismo gehiago eman diodan arren, gure bizitzen adierazle argia izan zen egoera, gure bizitza erritmo etengabeen adibide. Ez dakit zuen agendan baina nirean amama deitu, Jone zoriondu eta Garaziri idatzi kafe bat hartzeko bezalako gauzak daude, hori ere ahaztu egiten zaidalako. Baina badakizue zer ez dagoen nire agendan apuntatuta? Nire burua zaindu, denbora hartu, deskantsatu eta inorekin ez ezerekin zorretan sentitu gabe nahi dudana egin ( beldurra ematen du nahi dudana horrek, uste dut ez nukeela jakingo zer den definitzen).

Besteentzako bizi ditugu hainbeste gure bizitzak pause ri zelan ematen zaion ere ahaztu zaigula, eta,  kasualitatez segundu batez gelditzeko aukera badugu, pum! behera goaz. Gainera, izan gaitezen zintzoak,  Euskal Herrian beti gertatzen da zerbait, egunero dago gure aldarrietako bat nonbait.

Errusiar mendia bailitzan, gorakada eta beherakadetan bizi dugu egunerokotasuna, algara eta malkoak uztartzen ikasi dugu (eta joe, ze gaizki gora goazen bakoitzean noiz eroriko zain egotea, ezta?). Aurrera bai, baina atzera egiteko baimenik eman ez, eta gure burua azken lerrora eraman dugu, eta bazterrean topatu gara tarteka. Egin nahi ditugunak ez, egin behar ditugunen zerrenda amaigabeek  betetzen dituzte gure egunak (ozta ozta libratzen ditugu lotarako orduak batzuetan),  eta gure agendan egin nahi ditugunak tokia izan dezaten apuntatu egin behar ditugu, agenda ez dagoena ez baita egiten.

Eta, adibidez, neguko igande hotz batean kostara hurbildu, itsasoari begiratu eta beharbada bainu bat hartu genezake, ez?  Hotzaz, gure buruaz eta gure lurraz disfrutatuz, baina hori ez da gure agendan agertuko. Eta agendan ez dagoena, ez da.