Biharamuna

Erabiltzailearen aurpegia Uxue Gutierrez 2018ko api. 13a, 13:48

Aste Santuko opor sakratuen bueltan gaude eta beste askotan bezala errutina dator oporren amaierarekin batera. Lana, klaseak, bilerak, goiz esnatzea… asko dira 'bueltan' datozen gauzak, geldiunearen ostean gogor samarra egiten zaigun buelta.

Sentsazio orokortu horri izena jarri diogu (ajea, astelehena, biharamuna, post estresa edota depresioa…), eta sarri asko sentitzera ere ohitu gara. Herriko festen osteko eguna, urtebetetze ospakizunaren osteko eguna eta oporren buelta antzekoak izan daitezke. Askotan hurrengo egun horrek itxura guztiz nostalgikoa izan ohi du, aurreko 24 orduak edo opor asteak noiz bueltatuko zain egongo bagina bezala. Ohitura dugu baita post egunak X gorriz markatu eta txarrak izatera kondenatzeko. Eguna bera iritsi aurretik ere txarra izango da, errealitatearekin ezustean topo egingo bagenu bezala. Juerga gau luze baten osteko resaka filosofiko existentzialetan gehiegi pentsatu eta bizitzak zentzua galtzen duenean bezalaxe, ez dakigu zergatik baina bat-batean dena dago txarto, egun horretan ez darabilgu ezer onik buruan.

Umore txarrez jaiki, lanera edo klasera joan eta beste askotan arrunt eta automatiko diren ekintzak madarikatzen pasako dugu eguna, lotarako ordua noiz helduko zain. Baina, kontuz, oporrak hain daude idealizatuak, hain zuzen ere, oporrak direlako. Egun bereziak berezi egiten dituena da egun arrunt horietan guztietan madarikatzen ari garena. Bizitza erritmo azkar, frenetiko eta automatikotik ateratzen garenean gozatzeko uneak ditugu, baina ez genuke jakingo horiek epe luzean kudeatzen. Gozokitxo horiek gure partez kudeatzen dituzte juerga egun gehiegik gorputza txikitzen digutelarik, opor egun gehiegik gure ekonomia hondatu edota asperdura eragin, eta egunero herriko festak balira hauek ilusioz eta gogoz bizitzeari utziko genioke ziurrenik.

Biharkoak atzo erabakitzen ditugun honetan, orainekoak ere zertan diren ahazten zaigu. Atzokoak hain gozagarri izan ziren eta biharkoak hain nazkagarri izango diren benetan jakin gabe, erabakia aldez aurretik hartuta baitago, eta, are gehiago, erabakia ez dugu guk hartu.