Erabakitzeko eskubidearen alde urrats berri bat

Erabiltzailearen aurpegia zorrotza.info 2015ko mar. 24a, 09:48

Gure Esku Dago dinamikak ekimen berri bat antolatu du apirilaren 25erako. Nahi duenak, oihal batean mezu bat idazteko aukera izango du eta ondoren, oihal zatiekin hautestontziak sortuko dira. Zorrotzan ere atxikimendua emango diogu ekimenari. 

Pasa den ekainaren 8an erabakitzeko eskubidearen aldeko giza-katea ehundu genuen, Durangotik Iruñara. 150.000 pertsonek hartu zuten parte ekimenean, haien artean Zorrotzako 150 auzotar. Aurten era eta mota ezberdineko atxikimendu propioak ehunduko ditugu ekimen berri batean.

Ekainaren 21ean, Euskal Herriko zazpi hiriburuetan hautestontzi erraldoiak jarriko dira. Horren aurretik, herritarrek, oihal batean mezu bat ehuntzeko aukera izango dute. Ondoren, oihal guztiak elkartuta osatuko dituzte hautestontziak eta gure atxikimenduaren adierazle izango dira oihal zati horiek.

Apirilaren 25ean, oihalak ehuntzeko eguna ospatuko dugu Zorrotzan. Bertan, egokitutako oihal guztiak batu eta ehunduko ditugu. Era berean, ostiral arratsaldero aurkituko gaituzu Alboka tabernaren parean, zure atxikimendua eman ahal izateko.