uriola.eus

Oso larri dago atzo Txurdinagako frontoiko teilatutik jausitako langilea

  Jendartea  Otxarkoaga - Txurdinaga
"Politraumatismoa" dela eta, anestesia eta suspertze-sailean jarraitzen du 27 urteko langileak. Gurutzetako Ospitaletik ezagutzera eman dutenez E.M.A.-ren pronostikoa "oso larria da". Gaur bere lankideak lanera itzuli dira, kezkatuta eta penatuta.

"Txarto" daude eta "txarto" sentitzen dira atzo eguerdian 10 metroko altueratik erori zen 27 urteko langilearen lankideak. Arduratuta daude euren lankidearen osasun egoeragatik. Anestesia eta suspertze-sailean jarraitzen duela jakinarazi du Gurutzetako Ospitalak, erorketan jasandako politraumatismoak eragindako egoera "oso larrian".

"Hilabete daramagu Txurdinagako kiroldegiko sei frontoietan lanean, teilatu edota estalkiak berritzen", adierazi dio gaur URIOLAri beharginetako batek. Atzo 12:00etan lan istripua izan zuen langile gaztea "hasieratik" aritu da bertan lanean. Osalanek ikerketa zabaldu du lan istripuaren arrazoiak argitzeko.

EH Bilduk kiroldegiko lanen espedientea eskatu du

Bere elkartasuna adierazi dio EH Bilduk atzo Txurdinagako kiroldegian zauritua zen langileari eta bere senideei eta lanen espedientea eskatu du. Koalizioak, irregulartasun susmorik agertzen bada, kautelazko neurri gisa enpresa lanetatik kanpo uztea eskatuko du.

Helena Gartzia zinegotziak Bilboko Udalari exijitu dio “bere eskuetan dagoen guztia egin dezala gertaera tamalgarri hau argitzeko eta horrelakoak berriz ez gertatzeko”.

Istripuaren arrazoien inguruan, Gartziak Gipuzkoako Aldundiak Antzuola-Bergara errepidean izandako lan istripu ez traumatikoan izan zuen jarrera berdina eskatuko dio Bilbao Kirolak sozietateri. Hau da, irregulartasun susmorik agertzen bada, kautelazko neurri gisa enpresa lanetatik kanpo gelditzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa