Mahatserriko ospakizun zaharra berreskuratu zuen PA...YAk aspaldi, eta aurten ere Justuegune festa egingo dute. Antzina, Otxarkoaga eta Begoñako auzokideak Artxandako San Justu ermitako erromeriara joaten ziren abuztuaren 6an. Ohitura hori urteen poderioz galduz joan zen eta PA...YA Peñak berreskuratu zuen arte.
11:00etan, mezarekin emango diote hasiera jai egunari Goikoetxe baserrian; ondoren, 12:00etan, Arkaitz Estiballes eta Etxahun Lekue bertsotan arituko dira Arbolantxan. Ordu berean, argazki erakusketa, txalaparta, txosna eta trikitixarekin goiz polita igarotzeko aukera egongo da.
Ugarte plazan, berrikuntza moduan, I. Marmitako txapelketari hasiera emango diote 12:00etan. Lehiaketako dastaketa eta sari banaketa 14:30ean izango da; 16:00etan, Mus txapelketaren txanda etorriko da eta 17:30ean, herri jokoena. Egunari amaiera emateko, 19:00etan, erromeria eta sardinadaz gozatu ahalko dute bertaratzen diren lagunek.