Lenin Eguna ospatuko dute larunbatean Otxarkoagan

uriola.eus 2014ko aza. 12a, 17:03

Beste urte batez, Pa… Ya! konpartsak eta Boltxe Kolektiboak Lenin Eguna ospatuko dute Otxarkoagan. Hitzordua larunbatean izango da, azaroak 15, baina aurrerapen moduan, gaur, asteazkena, `Asteazken Gorria´ hitzaldia eskainiko dute auzoko Kultur Etxean.

Hogei urte baino gehiago daramate Otxarkoagan (1993tik) Lenin Eguna ospatzen Errusiar Iraultzaren urtemugan. Hasiera batean, aste bateko ospakizuna egiten zen eta aurten, bi egunekoa egingo dute Pa…Ya konpartsak eta Boltxe Kolektiboak, hasiera bateko erroetara bueltatzeko asmoz.

Gaur, azaroak 12, ospakizunaren lehenego eguna izango da eta `Asteazken Gorria´ izeneko hitzaldia eskainiko dute. Bertan, Lenin eta gazteria, komunismo banatua eta komunismoa Euskal Herrian bezalako gaiak landuko dituzte.

Ondoren, larunbaterako, azaroak 15, egun osoko egitaraua prestatu dute. 10:30ean, aurkezpena eta eztabaida egongo da Kultur Etxean; 14:00etan, Lore Eskaintza Kepa Enbeita plazan dagoen Leninen monolitoan; 15:00etan, herri bazkaria auzoko txokoan eta 16:30ean, kontzertua Jaime Yakamanekin Mahatserrin.