“Harro” dago Javier Laiseca ikastetxeko zuzendaria zentroaren 50. urtemuga dela eta. “Otxarkoagatik eskaintzen dugun hezkuntza proiektu honetako kide garen den-denok harro gaude”, dio. Ikasturte honetan euren burua “ezagutzera ematea” funtsezkotzat jotzen du eta urteurrenaren oihartzuna horretara bideratuko du: “Ikusgai izan nahi dugu Hezkuntzako profesionalen aurrean”. Ikusgai izan nahi dute “Berritzegune, orientatzaile, hezitzaileentzat” zein “eragile pribatu eta publikoentzat, politikoentzat eta sozialentzat”. Horiei guztiei 50 urtez irauten lagundu dieten “balioen berri” eman nahi diete, kontziente izanik “non gauden eta gure ikasleak nortzuk diren”.
Ospakizunen egitaraua “anbiziotsua” dela aurreratu du Javier Laiseca zuzendariak. Azaroan eman diote hasiera ekimenei eta, besteak beste, Otxarkoagako auzo etxean argazki erakusketa paratuko dute (gaur, azaroak 17) 50 urteotako ibilbidea laburbildu asmoz.
Ikastetxeak auzora, Otxarkoagara hertsiki lotutako historia du. 1964an sortu zuen Elizbarrutiko talde batek oso ugaria zen inguruko ume eta gazteei hezkuntza zerbitzua emateko xedez, etorkinen seme-alabei, hain zuzen ere, azpiegitura gabeko auzo batean.
90eko hamarkadan Otxarkoaga Formakuntza Zentroa LOGSE sistemara egokitu zen eta bere eskaintza 12-18 urte (DBH) eta 16-20 urte bitarteko (Lanbide Heziketako Formakuntza Zikloak) ikasleei zabaldu zien. Harrezkero auzoko ikasleak ez ezik Bilboaldekoak ere jasotzen ditu zentroko ikasgeletan. Gainera, aurrerago lanean diharduten beharginentzako Formakuntza Jarraitua ere barneratu zuen. Hortaz, gaur egun hezkuntza integrala eskaintzen du ikastetxeak “norbanakoen beharrizanei erantzuna emateko neurrira eginiko metodologiarekin, motibakorra eta malgua”.
2013an, Udalak Bilboko Ilustre saria eman zion Otxarkoaga Formakuntza Zentroari “bere ibilbide eta lanagatik”.