Bada, turistak erakartzeko ahalegin handia egiten dugu hiri honetan. Eta egia esan gauza ederrik ere egin da hiria esportatzeko eta turismoa inportatzeko. Baina gero eta zabalduagoa dago kexa hiritarren artean: egunero hemen bizi behar dugunok ere hobeki bizitzeko zerbait behar dugu.
Bilbotar gehienak turistek dastatzen dituzten gune apain horietatik at bizi gara, hau da, Bilboko auzoetan: Otxarkoaga, Santutxu, Zurbaran, Zurbaranbarri, Uribarri... Eta hor aje asko zaharrak dira.
Noan, hau idaztera ekarri nauen puntura. Atzo, aspaldiko partez, elurra mara-mara egin zuen. Iragarrita zegoen. Baina ez zen metro batekoa ere izan. Kalean geruzatxo bat jartzeko adina. Bada, hori aski izan zen Txurdinagan kalapita izugarria sortzeko. Ez dira beste munduko aldapak, baina atzo aldapa horietan jendea beren autoekin trabatuta geratu zen lehen orduetatik.
Bistan da bilbotarrak ez dakigula autoz elurretan ibiltzen. Horregatik Txomin Garat, Gabriel Aresti... bezalako kaleetako aldapetan autoak hamarnaka gurutzatuta geratu ziren. Jakina hemen autobusa oso garraiobide erabilia da eta hauek ere ezin pasa... Ikusi nituen aurrera ezin eta buelta emanda kontrako noranzkoan zebiltazan autoak.
Nik autobusa hartu nuen anbulategi ondoan eta ezin izan zuen 50 metro egin. Handik atera -alperriko ordainketa- eta metrora abiatu nintzen. Galtzadak elur bustiz beteta zeuden, oinetakoak zeharo bustita. Eta handik bi ordutara Bilbotik itzultzeko autobusa hartu nuen berriro. Baina Begoñako aldapatxo horretan planto, dozena erdi bat autobus han ere trabatuta. Autobusetik jaitsi eta oinez berriro ere kilometro t´erdiko bidea etxeraino. Plisti-plasta lur bustitan, oinetakoak blai eginda.
Denbora guzti horretan ez nuen, ez udaltzain bat, ez elurra kentzeko tresna bat, ez nahaste borraste hura gainditzen lagunduko zuen ezer ikusi. Gure zergak nonbait Bilboko gune apainak mantetzeko erabiltzen dira. Norbaitek esan dezake, bazter guztietara iristea ez dela erraza. Baina Bilboko beheko partean ez zegoen elurrik. Han ez nuen ibiltzeko arazorik izan.
Alkate jauna, udal arduradunak, auzotarrak ere bizi gara, eta arazo gehiago sortzen da normalean auzoetan: gehiago direlako, aldapatsuak direlako, urbanizazioa eskasagoa delako...etab. Jakin, beste auzoetan ez dakit zein laguntza izango zuten baina Txurdinagan batere. Ez gaude konforme.