Aitor Mazo aktorea hil da

uriola.eus 2015ko mai. 7a, 13:32

Argazkia: loraldia.eus

Senitartekoek EiTBri jakinarazi diote heriotza. Gaur, osteguna, etxean hil da aktorea. Bere azken agerraldietako bat –apirilaren 23an-, Loraldia jaialdian, Anton Abbadia gorpuztea izan zen.

Aitor Mazoren heriotzak harridura sortu du. Sare sozialen bidez zabaldu da berria eta ezustean harrapatu ditu lagun, lankide eta kulturazaleak.

53 urte zituela hilik aurkitu dute Txurdinagako bere etxean familiako iturriek adierazi dutenez. Autopsia egingo diote gorpuari heriotzaren zergatia argitzeko. El Correo egunkariak argitaratu duenez, lehen hipotesiaren arabera gutxiegitasun koronarioak eragin dio heriotza. Duela urte batzuk bihotzekoa izan zuen Mazok, eta ostean ebakuntza egin zioten.

Uneotan La calma mágica antzezlanean ari zen Mazo aktore lanetan, eta bihar, Iruñeko Gaiarre antzokian zuen emanaldia. Gaur, ETBren Miramongo egoitzan hitzordua zuen irailean grabatzen hastekoa zen Aitaren etxea telesaila dela eta.

Santutxutarra zen Aitor Mazo eta Karmelo Ikastolako ikasle izana. Maiatzaren 23an ikastolaren 50. urteurreneko ospakizunean parte hartzekoa zen beste lagun askorekin batera.

Antzerkian, telebistan eta zinean egin du lan Mazok Euskal Herrian eta espaniar Estatuan. Alor askotan egin ere, aktore, gidoigile eta zuzendari gisa jardun baita.

Bere lan pertsonalenetako bat ‘Hodeiak margotzeko makina’ (2009) filma izan zen. Gidoia idatzi zuen eta Patxo Telleriarekin batera zuzendu zuen, paper nagusietako bat berarentzat gordeta.

2012an Bypass filma zuzendu zuen, hau ere Telleriarekin batera.