Sara Buesak, Fernado Buesa, ETAk hildako parlamentari sozialistaren alabak, Pili Zabalak GALek hil eban Joxi Zabalaren arrebak eta Anton Praderak, CIE Automotiveko presidenteak jasoko dabe gaur, hilak 9, Begoñazpi Ikastolak lan eta solidaritate baloreak aintzat hartzen dauzan Gazte Role Model Saria 2015. Zortzigarren ediziora heldu diran sariok hezkuntza munduan erreferente dira "adierazgarri diran pertsonen solidaritatea eta hobetzea bezalako baloreak geletara eroateagitik".
Sari-banaketa Begoñazpi Ikastolan (Jesus Galindez etorbidea, 15. Txurdinaga-Bilbo) izango da gaur, azaroak 9, 19:00etan. Bertan izango dira, besteak beste, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea; Monica Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria; Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen institutuko zuzendaria; Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua; Lorea Bilbao Kultura foru diputatua eta Mario Iceta Bilboko gotzaina.
Sara Buesak eta Pili Zabalak 'eredu solidarioari' saria jasoko dabe eta Anton Praderak 'lan ereduari' saria.
Euskadiko gizarte eta lan munduko zazpi kidek osatzen daben epaimahaiak, Sara Buesak eta Pili Zabalak Eusko Jaurlaritzaren Adi-adian programan egindako lana nabarmendu dau. Programa horretan, terrorismoaren biktimek, Euskadiko ikastetxeetako gazteak indarkeria eta mendekuaren aurrean sentsibilizatu eta immunizatzeko asmoz, euren esperientzia azaldu dabe.
Horrez gain, Begoñazpi Ikastolako zuzendaria dan Merkat Bernaolak diñoanez, aurreko ikasturtean euren esperientzia azalduz Sara Buesak eta Pili Zabalak eskainitako saio biek eragina izan eben Ikastolan eta zelan ez, ikasleengan. Hauxe diño Bernaolak: "Euren testigantzak, barkamen eta adiskidetzearen erakusgarri izateaz gain, zintzotasun froga be izan ziran". Izan be, "ikasketa-xedez, gazteen aurrean jarri eta euren bizitzako unerik mingarrienak azaltzen dabez". Oraingoan, biktima biek jasoko dabe batera Begoñazpi Ikastolak lehenengoz bikoiztu dauan saria.
Praderari jagokonez, epaimahaiak enpresa munduko lan-ibilbidean hobetzeko dauan grina azpimarratu dau. Gernikan jaiotako bide-ingeniari hau, euskal industria munduko enpresaburu eta kudeatzaile gailena da. Gaur egun, CIE Automotiveko presidente eragilea da. Epaimahaiak, euskal enpresan estrategikoa dan automobilgintzan dauan sormen eta barrikuntza gaitasuna ez ezik, sorturiko lanpostu zein nazioartean hedatzeko gaitasuna be nabarmendu dau.
Bernaolak diñoanez, zortzigarren edizio honetako epaimahaiak sarituen lan, solidaritate eta lan humanitarioa aintzat hartzeaz gain, "harremanetan zein barrikuntza eremuan gazteek jarraitzeko eredu izateko egiten daben lana be goratu dau, lana autorrealizazio profesionaltzat hartuz eta behartsuenenganako solidaritatea agertuz". Hain zuzen be, hauxe da 2008tik hona Bilboko Gotzaitegikoa dan eta 1.700 ikasle inguru dauzan ikastola honetako sarien helburu nagusia.
Ikasleekin zuzeneko testigantza
Sarituek euren bizipen edo esperientzia Ikastolako geletan zabalduko dabe. Ikasturtean Batxilergoko ikasleakaz zenbait hitzaldi izango dabe. Euren bizitzako une garrantzitsu zein gertaerez ez ezik, solidaritate, ekintzailetza, barrikuntza eta ahaleginaz be hausnartzeko aukera izango dabelarik.
Sarituek hezkuntza, fantasia eta mugimenduaren ikurra dan eta Nestor Basterretxea eskultore bizkaitarrak eginiko Gazte Role Model Saria eskultura jasoko dabe.