Txurdinagarrak izanik eremu hurbilean landu nahi izan dute EHUko Alazne Ayestaran irakasleak bidalitako lana. Horregatik jo dute hiru lagunek BERTON aldizkarira eta URIOLA plataformara Txurdinagako informazioa ardatz duen web gunea eratzeko. Nerea Ruiz, Eneko Artaza eta Gonzalo Arranz elkarlanean aritu dira tokian tokiko hedabideetako ordezkariekin hainbat hilabetez, eta 'Mahatserria' da lan horren fruitua.
"Ohiko hedabideetan oihartzun txikia duen auzoa da Txurdinaga", Nerea Ruizen esanetan. Hortaz, hirukotearen erronka "auzoari eta auzotarrei lekua egin eta ikusgarritasuna ematea" izan da, "euskaratik eta euskaraz". Auzo berria izaki, auzotarrak ez daude beste auzo batzutan bezain errotuta eta, gainera, orografiagatik sakabanatu samar daude. "Errealitate hori aldatzea eta auzotarren arteko harremana sendotzea nahi dugu", dio Nereak.
'Mahatserria' web gunean gabonei begirako albisteak aurki daitezke, "gaurkotasun gaiak", finean. Esaterako, Nagore Gonzalez aktore txurdinagarrari eta Osvaldo Navia bidaiari txiletarrari eginiko elkarrizketak edota Jaiotza skaut taldearen eta Parrapean komiki jaialdiaren inguruko erreportajeak.
Abenduko edizioa kaleratu berri dute, eta oraindik ez dute erabaki jarraipena emango dioten. "Guretzat polita izan da web gunea sortzeko prozesua, eta batek daki".