Joko eszeniko eta inprobisazioko tailerra jasoko du Otxarkoagako Udaltegiak

uriola.eus 2016ko urt. 18a, 09:10

Bilbaoeszenak antolatutako joko eszeniko eta inprobisazioari buruzko tailerra egingo da Otxarkoagako Udaltegian otsailean eta martxoan. Parte hartu nahi dutenek aurreinskripzioa egin dezakete urtarrilaren 18tik otsailaren 15era bitartean Bilbaoeszenan (Juan de Gardeazabal k. 3) edo bilbaoeszena@bilbao.eus helbide elektronikoaren bidez.

Aktore amateurrentzat edo profesionalentzat da tailer hau eta hain zuzen ere, saioak, otsailaren 19an, 20an eta 21ean eta martxoaren 5ean eta 6an izango dira. Jokoa izango da eszenatokian egotearen atseginaren eta plazerraren abiapuntu. Jokoaren bitartez, entzutea, konfiantza, konplizitatea eta bat-batekotasuna landuko dira.

Egoera honetan oinarrituta, antzerki inprobisazio eta pertsonaiak, espazioak, istorioak… sortu ahal izango dira. Gorputza eta mugimendutik abiatuta eta bat batean eta bertan egonda eta arreta guztia jarrita, guztia berehala sortu eta arritu gaitzalarik.

Philipe Gaulier eta Mar Navarrok hezitutako eta antzerki inprobisazioan esperientzia zabaleko Patricia Urrutia aktoresak bideratuko du tailer hau. Tailerrak 24 orduko iraupena izango du, honela banatuta:

Otsaila

19an, barikua: 16:00-20:00

20an, zapatua: 10:00-14:00 eta 16:00-18:00

21ean, domeka: 10:00-14:00

Martxoa

5ean, zapatua: 10:00-14:00 eta 16:00-18:00

6an, domeka: 10:00-14:00

Prezioa 90 € (75 euro BilbaoEszena, Artekale eta abarreko bazkideentzat)