Ertzaintzak eraso sexista baztertu du Otxarkoagako kasuan

uriola.eus 2016ko urt. 25a, 08:45

Argazkia: El Correo

Garate kalean, Otxarkoagan, atzo eguerdi aldera hilik aurkitu zuten emakume bat, ustez leihotik jausita, eta bi labankada zituela bere bikotea etxean. Lehen hipotesien arabera indarkeria sexista kasua zirudiena baztertu du Ertzaintzak ikerketak aurrera egin ahala. 

Ertzaintza bi gertakaritan oinarritu da eraso sexista baztertu eta bestelako hipotesi batzuk indartzeko. Batetik, bikoteak ez zuen indarkeria matxista aurrekaririk eta, bestetik, hildako emakumeak minbizia zuen, fase aurreratuan. Bere buruaz beste egin ote zuen ikertzen ari da Ertzaintza, eta senarrak izan zuen parte-hartzea.

Larri jarraitzen du gizonak Basurtuko Ospitalean. Labanaz egindako bi ziztada zituela eta, atzo ebakuntza egin zioten. Bere lekukotza funtsezkoa izango da gertatua argitzeko. 

Atzoko eguerdia baino lehen Garate kaleko auzokide batek 112 telefonora egindako deiari erantzunez bertaratu ziren anbulantzia eta Ertzaintza. Lurrean aurkitu zuten hilik 50 urteko emakumea, ustez hirugarren solairutik jausita. Bere etxean senarra aurkitu zuten, laban bat abdomenean sartuta zuela. 

Ertzaintzako agenteek senar-emaztearen etxean frogak jasotzen jardun zuten eta auzokide eta senideekin hitz egiten. Emakumearen gorpuari autopsia egingo diote.