Indarkeria sexista

Otxarkoagako eraso sexista salatzeko elkarretaratze jendetsua

uriola.eus 2016ko mar. 14a, 08:00

'Eraso sexistarik ez!' lelopean, Otxarkoagako Familia Elkarteak elkarretaratzea deitu zuen lehengo ostiralean, ostegunean auzoan izandako eraso sexista gaitzesteko. 

Otxarkoagako Familia elkartea eta Otxarkoagako auzokideez aparte, hainbat zinegotzik ere euren babesa adierazi zuten larunbateko indarkeria sexista salatzeko elkarretaratzean. Besteak beste, Berdintasun zinegotzia, Itziar Urtasun eta Kultura saileko zinegotzia den Nekane Alonso pankarta eusten agertu ziren. EH Bilduko, EAJ-PNVko eta Udalberri alderdietako kideak ere bertan elkarretaratu ziren.

Eraso gehiagorik ez! 

20 urteko gizonezko bat atxilotu zuen ostegun goizean Ertzaintzak Otxarkoagan indarkeria matxista, autoritatearen aurkako erasoa eta kalte zein lesioak egitea egotzita.

Ertzaintzak Otxarkoagako auzokide baten deia jaso zuen 11:00ak aldera, gazte bat "oihuka eta bere onetik kanpo" zegoela ohartaraziz. Bertara gerturatzean, gizona oraindik ere garrasika zegoen etxebizitza bateko atea joka eta haren aita alboan zuen lasaitze aldera. El Correo agerkariak jakitera eman duenez, zenbait auzokidek argi entzun zituzten haren oihuak: "Hil egingo zaitut".

El Correoren arabera, poliziak heltzean eta gizona atetik aldendu zutenean, honek eskaileretan behera egin zuen korrika. Ertzainak etxebizitzan zegoen emakumearekin hizketan geratu ziren eta erasotzailea berriz agertu zen, oraingoan burdinezko bara bat eskuan zuela. Ertzainekin liskarra izan zuen eta bararekin portaleko ateko kristala apurtu zuen, polizietako bat zaurituz. Momentu horretan, erasotzailearen senide bat gaztea lasaitzen ahalegindu zen baina horren kontra ere egin zuen ukabilkada bat emanez. Azkenean, lekuan bertan atxilotu zuten.

Argazkiak: Ecuador etxea