Maria Jesus Saenz Ramos: “Egia bakarrik jakin nahi dut, zerbait. Ezjakintasun honekin ezin dut”

Itxaso Perez 2016ko mai. 11a, 10:00

Argazkiak: Iñigo Azkona

Hamabi urte dira Maria Jesusen seme Sabin Llona Saenz txurdinagatarra herrialde aurreratuenetako batean desagertu zela, Ameriketako Estatu Batuetan, alegia. 

Maria Jesus, kontatu ahal diguzu 2004an gertatutakoa?

Floridako hiriburuan (Tallahassee) desagertu zen nire seme Sabin 2004ko abuztuaren 2an. Zelan azaldu…

Jendeak galdetuko du zer egiten zuen Floridan zure seme Sabinek.

Arrebari bisita egitera joan zen. Arrebak berak hainbatetan gonbitea luzatu ondoren, Sabin autonomo gisa zegoenez eta loturarik ez zuenez, 2004ko udan hara joan zen. Bilbotik 2004ko ekainaren 24an irten zen eta bere asmoa zen irailaren 2an itzultzea. Desagertu bezperan, berarekin egin nuen berba telefonoz, gauez, eta 'hangoa oso aspergarria zela', eta Aste Nagusia zetorrenez, itzulerako bidaia aurreratuko zuela esan zidan. Orduan, nik posta elektroniko bat bidali nion, eta abuztuaren 2an bertan email horri erantzun zion. Mezu elektronikoa gordeta daukat, baita bezperako telefono deiaren ordainagiria. Nik hasieran ez nuen sinesten gertatzen ari zena.

Sabinen desagerpenaren zehaztasunik badaukazue?

Badirudi egun horretan Sabinek bere arreba deitu zuela esateko tabakorik gabe zegoela. Arreba lanean ari zen catering enpresa batean. Egun batzuk arinago Katrina urakana izan zen, eta catering enpresan laguntzen ari zen goizez. Umeak eskolara eraman, lanera joan eta gero, umeak jaso eta etxera itzultzen zenean, batzuetan, tabakoa eramaten zion Sabini. Egun horretan esan zion: 'Begira, nik gaur denbora gehiago egingo dut lanean laguntzen, baina badago gaur lan egiten ez duen neska lankide bat. Berarekin kontaktuan jarriko naiz berak tabakoa eraman diezazun'. Horrela, eta neska horrek guri esana, 12:30 eta 13:00 artean neska hau joan zen Sabinen arrebaren etxera bere bila. Antza, ez zion tabakoa ekarri, baina bai hartu eta Tallahasseeko kanpoaldera eraman zuen. Beste konterri bateko mugan neskaren aita bizi zen lekura, mendialdera. Neskak esan zigun bezala, ahabiak hartzera; eta hemen dago mamia. Izan ere, tarte horretan benetan zer gertatu zen zaila da jakitea. Guri kontatutakoaren eta lehendabizikoan arrebari kontatutakoaren artean aldea dagoelako. Hainbat gauza ez datoz bat.

Eta berria jasotzen duzuenean?

Hasiera batean mundu guztiak esaten dizu: 'Nonbaitera joango zen'. Eta zuk aukera guztiei heltzen diezu. Gainera, ez pentsa jendeak sinesten dizunik egoera azaltzerakoan. Igartzen diozu ez duela guztiz sinesten. Jokabide hori Sabinena ez zela jakinda, hasten zara pentsatzen galdu dela, bahitu dutela… denetan pentsatzen duzu: organoen trafikoa... Nereak (arrebak) lanetik etxera itzuli zenean, etxean ez aurkitzean eta inguruetatik bilatu eta erantzunik ez jasotzean, gauez, Poliziari deitu zion.

Orduan hasi ziren bere bila?

Bada, ez. Poliziak esan zion persona heldu bat zenez, 48 ordu itxaron behar zela bilaketa lanak hasi aurretik. Hurrengo goizean Nerea joan zen berriz ere teorian  Sabin eraman zuten etxe horretara, neska haren aitaren etxera, eta han bilatzen segitu zuen, baina erantzunik ez. Baina bide bazterrean, gurutzebide batean, etxe horretatik hurbil, Sabinen alkondara aurkitu zuen. Ez daki ziur bezperan zegoen edo ez. 

Arreba bakarrik aritu zen?

Hasi zen gasolindegietan nebaren aurpegia zeramaten kartelak ipintzen, galdetzen... Poliziari berriro deitu zion, eta aurreko eguneko erantzun berdina eman zioten, hau da, heldua dela eta 48 ordu itxaron behar dela. Orduan hasi zen sakonago bilatzen. Arrebak, dena dela, ekin eta ekin jarraitu zuen bere neba Sabinek ez duelako hizkuntza ezagutzen, edota lekua, baina ezer ez. Hortxe hasten da guk daukagun arazoa eta kalbarioa.

Nereak bertako unibertsitateko irakasle baten laguntza jaso zuen. Haren bitartez, tokiko telebista kate batetara joan zen gertatutakoa kontatzeko, baina hain zegoen lur jota ezin izan zuela ahoa zabaldu ere egin. Nereak ez zigun hasiera batean ezertxo ere esan. Gertatu zen hurrengo egunean deitzen egon nintzen, eta hurrengoetan, baina ez zuen telefonoa hartzen. 'Zer gertatuko da? Handik eta hemendik ibiliko dira, agian', pentsatzen nuen. Senarra eta biok Dolomitetara joan ginen oporretan, eta 17an edo 18an joan ginen, baina Nerearekin hitz egitea lortu barik. Ez genekien ezer, baina bagenuen Sabinen emailaren pasahitza, eta ikusi nuen abuztuaren 2tik ez zela mugitu. Dolomitetan geundela Nereak dei egin zigun. Lehendabiziko astean bera oso txarto zegoela esan zuen, berak animatu zuelako Sabin hara joaten, eta hurrengoan alde batetik bestera ibili zelako, morgueetan, ospitaleetan... galdetzen, baina alferrik.

Orduan bestelako pausoak ematen hasi zineten?

Bai, senarra eta biok itzuli ginen, eta ni AEBetara azkar batean joan nintzen. Senarra Bilbon geratu zen, badaezpada, bertan zer edo zer egin behar bazen. Bera Ertzaintzarengana joan zen irailaren 9an desagerpenaren salaketa ipintzera.

Floridakoa etsigarria da edozer egiteko kotxearen menpe zaudelako, eta ni, gainera, hizkuntzaren menpe ere. Eta eremua oso zabala da; dena handia da. Beraz, Nerearen menpe nengoen, baina berak bazeuzkan bere arazoak ere, emozionalak batez ere. Horrela, Poliziarekin hasi ginen hitz egiten eta galdetzen zergatik ez zuten miatu hango etxea, zeren zortzi egun pasa eta gero joan ziren hara. Aurrerago esan ziguten hamar egunetara helikopteroz pasa zirela handik.

Eta Floridako instituzioak?

Miamin dagoen kontsulatura joan nintzen, baina ezinezkoa. Ez ziguten telefonoa hartzen; Nerea ere saiatu zen lehenago. Horixe da Nerearen etxetik hurbilen dagoen kontsulatua, baina azkenean Washingtondagoen enbaxadarekin harremanetan jartzea lortu zuen. Han bazeukaten kasuaren berri, nik neuk Italiatik (Dolomitetatik) deitu nuelako dena azaltzen. Horixe izan zen laguntza bakarra. Hala ere, eurek esaten zidaten poliziak direla, baina ez zeukatela eskumenik. Eskumena izanez gero Sabin azkenengoz ikusi zuen neskarekin ituna egingo zutela, ea zer esango. Sabinekin egon zen azken pertsona izan zen neska hori, eta bera izan beharko litzateke erreferentzia. Baita ingurua ere. Zonalde hori baztertutakoa da, hiritik kanpo dago eta, gainera, etxeak prefabrikatuak dira. 

Euskal Herriko instituzioetara jo zenuten?

Bai. Miamira joan aurretik Arartekoarekin harremanetan jartzen ahalegindu nintzen. Oporretan zegoela ezan zidaten. Gaur arte.

Washingtoneko enbaxadakoekin hitz egin genuenez hara joan ginen. Interneten begiratu genuen zeintzuk ziren eman beharreko urratsak. Eta horrela zioen: 'Lehendabiziko 48 orduak garrantzitsuenak dira'. Ez zen ezer egin. Miaketa ere ez zen egin. Are gehiago, hirugarren egunean Nereak gordeta zeukan Sabinen arroparen berri eman zion Poliziari. Poliziaren erantzuna: denbora hori igarota miaketak ez zuela ezertarako balio. Aipatutako neska hori hilabete pasatuta ere ez zuten epaitegira deklaratzera deitu. Egia esan, ez daukat oso argi zelan egin zuten bilaketa protokoloa, ez digutelako inolako informaziorik eman.

Ez daukazu Floridako txostenik, orduan?

Ezer ere. Nereak senatari bati bidalitako gutuna eta haren erantzuna bakarrik. Hango konterriko sheriffarekin harremanetan jarri zela dio gutunak. Besterik ez.

Enbaxadakoek esan zidaten FBIrekin batuko zirela eta etxetik pasatuko zirela. Pasatu zirenerako ni han nengoen. Ofizial bat eta mugetako beste polizia bat pasatu ziren, eta eurek egindako itaunketatik ondoriozta daiteke nahi zutela jakin bakarrik ea Sabin etorkin modura gera zitekeen AEBetan; ez zuten bestelako interesik bere desagerpenean. Are gehiago, eurek esan zuten nik email batean esan niola Till Laurenti (kasua zeraman detektibeari) nire semeak argentinar bat ezagutu zuela eta bi mexikarrekin harremanetan zegoela. Nik ez nuen hori esan, eurek asmatu zuten. Eta horrelako zerbait asmatu ondoren ez ninduke harrituko beste edozer asmatuko balute.

Aurrerago, Nerea joaten zen hango inguruetara. Landak zirenez, ehiztariak ibiltzen ziren. Eta itxaropena zuen gorpua aurkitzeko. Hara ez zen bakarrik joaten, detektibearekin baizik. Ez dakit ondo zelan egin behar diren gauza hauek, ezin dut epaitu, baina susmoa daukat ez direla zuzen egin.

Zein beste pauso eman duzue?

Miami aldeko hainbat egunkaritara gutunak bidali ditugu informazioa eta argazkia ematen. Miamin bertan egun baten egon nintzen ni, eta Euskal Etxera joan nintzen. Han egon nintzen, baina ezin izan nuen inor aurkitu. Bestaldetik, Eusko Jaurlaritzara, Kanpoko Gaietarako Ministeriora, konterri horren inguruko 'udaletara'... gutunak idatzi ditugu. Nire alaba ibili zen argazkia zuten kartelak ipintzen alboko konterrietan. Izan ere, Leon ez zen alboko konterrietan Poliziak ez zuen ideiarik kasu honen inguruan. Alboko konterrietako sheriffei emailak bidali genizkien. Egunkari pare batean ere agertu zen albistea. 

Norbera gaiarekin zeharo ikututa egoteaz gain, instituzioek neurri oso txikian inplikatzeaz gain, ez dute jakin izan hitz egokiak erabiltzen. Agindu zidaten larunbatero deituko zidatela berriak emateko. Hiru astetan bakarrik egin zuten. Nik galdetu diet ea FBIrekin hitz egin duten, bestearekin.... eta erantzuna behin izan zen: 'Oiga, señora, si están investigando no hay que atosigar. La Policía ya sabe lo que hace'. Baina nik susmoa daukat AEBetako Poliziak egiten zuena justifikatzen ari zirela; hainbat gauza era desegokian eginda. Ni sentitu izan naiz ate asko itxita, horma baten aurka egiten, eta irudikatzen ez dagoela ibilbiderik egiteko, noraino eta hori sinesteraino.

Gelditu zinen, orduan?

Gelditu ez, inoiz zer edo zer bidaltzen genuen. 2007an jakin nuen Arrigorriagan desagertutakoen elkarte bat osatu zutela. Orduan hasi nintzen berriro mugitzen. Han enteratu nintzen DNA eskatu behar zidatela, eta inork ez zuela egin. Arrigorriagan Lorente doktorea zegoen, eta bera izan zen dena azaldu ziguna eta DNA hartzeko kit-a eman ziguna, gero berriz ere jasotzeko. Granadako Unibertsitateko Fenix proiektuko partaidea da Lorente doktorea. Munduko DNA Bankua osatzen dabiltza. 

2014 urtean Hodei Egiluz desagertu zen, baita Borja gasteiztarra, eta berriz joan nintzen Arrigorriagara. Bertan oso txarto, benetan txarto sentitu nintzen. Dena Hodeiren kasuaren inguruan enfokatzen zelako. Ez oker hartu, horretaz ere pozten naizelako. Baina ikusita Galdakaon instituzioek izan duten inplikazioa, beste kasuetan ez bezala, mingarria egiten da. Pozten nau gauzak aldatu izana, baina...

Hantxe ezagutu nuen neska bat. Atsedenaldian bera nigana hurbildu eta galdetu zidan ea txarto nengoen. Nik baietz erantzun nion, oso txarto sentitzen nintzela, eta orduan esan zidan zergatik. Nik komentatu nion, eta orduan berak esan zidan norbait aurkeztuko zidala. Desagertutakoen kasuez arduratzen den ertzain bat aurkeztu zidan. Geroztik, neska honekin harremanetan segitzen dut, eta haren bitartez Paco Lobaton fundazioa sortu zela jakin nuen, eta horretan apuntatzea komenigarria litzatekeela. Baita SOS Desaparecidos elkartean ere. Bertako lehendakariak deitu zidan nire kasua azaltzeko. Nireak eta bere kasuak antzekotasun asko daukate. Nik esan nion nire semea kanpoan desagertu zenez, ematen duela ez daukagula ia eskubiderik. Eta gizon honek esan zidan ez kezkatzeko, nire semea Europako hiritarra dela, eta eskubideak badauzkala. Orain egin da Europan protokolo bat desagertzen diren kasuei begira.

Hodei Egiluzen kasuak eman die bultzada beste kasuei?

Indarra eman zidan niri. Desagerketaren gaiaz aparte, hemen alde politikoak ere indarra hartzen du. Nik neuk sentitu dut eragina izan duela. Urkulluk agerraldi bat egin zuen Legebiltzarrean Hodeiren gorpua agertu zenean, bere doluminak senitartekoei azalduz, baita desagertutakoen beste familiei ere. Nik uste dut Borjaren kasuan pentsatzen esan zuela. Zergatik uste dudan hori? Borjaren kasuan Udala ere inplikatzen ari delako. Isla handiagoa dauka horrela. Hori ikusita, gutun bat bidali nion Urkulluri, eta Marian Elorza andreak dei egin zidan berarekin elkartzeko eta hitz egiteko, nire kasuari buruz ez zekitelako ezer. Hara joan nintzen. Eta esaten zidaten Hodeiren kasua ezberdina zela, lagunak hurrengo egunean bertan joan zirelako Belgikan Eusko Jaurlaritzak duen bulegora. Ados, baina Sabin AEBetan desagertu zen, eta lagunak hemen ziren, eta AEBetan ez dago Eusko Jaurlaritzako bulegorik. Beste bi pertsona gehiagorekin egon nintzen: Monica Hernando eta Leire Madariagarekin. Azken honi esan nion aspaldi bidali niela orain eskatzen didaten informazioa. Gaur goizean bertan Ertzaintzako bi pertsona egon dira nirekin, eta esan didate harremanetan jarri direla hango Poliziarekin, eta haiek nik esandakoa berretsi dietela. Baina ez daukagu informazio berririk. Esan didate datorren astean gestioak egingo dituztela, eta esango digutela zer ateratzen den. Agian, eskatzen ari naiz ahal dena baino gehiago. Nik egia bakarrik jakin nahi dut, zerbait. Ezjakintasun honekin ezin dut.

Bilboko Udalean ere egon zara.

Juan Mari Aburto alkatearekin egon nintzen, eta gauza bi eskatu nizkion. Batetik, Tallahasseeko alkatearekin harremanetan jar dadila. Alkateen artean, agian, ikusaraziko dio badagoela interesa Floridan desagertu den bertako biztanle bategatik. Bestetik, Udalak bat egin dezala familiei laguntzeko Gasteizen sortu den deialdiarekin. Alkateak esan zidan kasua ez zuela ezagutzen, baina itxaropena daukat nire kasua eta besteak ezagutuko dituela, erabaki bat hartuko duela eta erantzun bat emango didala.