Prestakuntza programaren barruan, ikus-entzunezko medioak ezagutzeko oinarrizko ikastaroa sartzen da, bi monografikok osatua: lehen aldiz eskaintzen den 3Drako hastapenari buruzkoa (urriaren 17, 19, 24, 26 eta 31n, eta azaroaren 2an 19:30etik 21:30era) eta reflex kamerari buruzkoa. Azken hori azaroko astelehen eta asteazken guztietan, 7tik aurrera, emango da, ordutegi berean.
3D munduari buruzko ikastaroak ingurune horrekin lehen harremanak izateko balioko du. Horrela, ikastaroan parte hartzen dutenek, Blenderrek, 3D edizioko doako software indartsu baina errazak, zelan funtzionatzen duen ikusiko dute. Hiru dimentsioko ingurunean mugitzen, programak zelan funtzionatzen duen eta bere interfazetik mugitzen ikasiko dute. Horrez gain, geometriari buruzko kontzeptu garrantzitsuak eta animazioa sortzeko jarraitu beharreko pausoak modu praktikoan ikasiko dituzte. Gainera, objektuak hiru dimentsiotan eratzeko modua ikasiko dute pausoz-pauso, eta 3D edizioko programa bat erabiltzen ikasteak bideo-jokoetarako, animaziorako, 3D inprimaketarako, errealitate birtualerako edo errealitate handiturako izan ditzakeen aplikazio anitzak ezagutuko dituzte.
Ohikoa denez, plazak emateko orduan, lehentasuna izango dute bi monografikoak egiteko interesa duten pertsonek. Programa osatzen duten bi monografikoak egiteko 45 euroko prezioa ordaindu beharko da (38 euro, Tular elkarteko bazkideentzat). 3D ikastaroa soilik egin nahi izanez gero, prezioa 18 eurokoa izango da, eta Reflex kamerari buruzkoak 35 euro balioko ditu (15 eta 28 euro, hurrenez hurren, Tular elkarteko bazkideentzat).
Ikus-entzuneko prestakuntza horrez gain, Tular elkarteak txalaparta ikastaro intentsiboaren edizio berria ere antolatu du, arratsaldeko 19:30etik 21:30era, urriaren 17, 19, 24, 26 eta 31n, eta azaroaren 2an. Pertsona bakoitzak 18 euro ordaindu beharko ditu (15 euro, Tular elkarteko bazkideek).
Horrez gain, urritik aurrera, gitarra elektriko eta bateria hastapen eta hobekuntza ikastaroak emango dira, eta aurten berriro ere, Musika Informatikari eta Home – Studiori buruzko tailerra sartu da. Tailer hori urriaren 18tik martxoaren 28ra eskainiko da (19:30etik – 21:30era).
Bateria ikastaroak astelehen guztietan izango dira, urriaren 17tik maiatzaren 22ra (19:00etatik 20:30era hastapenekoak eta 20:30etik 22:00etara hobekuntzakoak), eta gitarra elektrikokoak asteazken guztietan, urriaren 19tik martxoaren 29ra, bi ordutegitan: arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara gitarra elektrikoaren hastapenekoak eta 20:00etatik 22:00etara hobekuntzakoak. Ikastaro horiek 90 euro balioko dute (72 euro, Tular elkarteko bazkideentzat).
Ikastaroetarako izena ematen dutenen kopurua eskaintzen den plaza kopurua baino altuagoa baldin bada, zozketa burutuko da, urriaren 4an, eguerdiko 12:00etan, Otxarkoagako udaltegian. Plazak eskuratzeko orduan lehentasuna izango dute 3. barrutian –Otxarkoaga–Txurdinaga– erroldatuta daudenak eta Bilbon erroldatuta daudenak, beste herri batzuetakoen aurrean.
Informazio gehiago: www.kulturabarrutik.eus