Udalaren laguntzarekin burutzen den jardunaldi honek gizarte inklusioaren inguruko gaiak jorratzea du helburu, zinemaren eta antzerkiaren bidez.
Aipatzekoa da Manchesterren (Erresuma Batuan) sortu zutela 2011 urtean, eta munduan etxerik gabeko pertsonen sentsibilizazioan murgilduta dagoen zinemaldi bakarra dela. Nazioarte mailan erreferentzia den zinemaldi honen egitaraua arratsaldeko 18.00etatik 20.30etara garatuko da. Azaroaren 5eko jardunaldian zehar, Homeless Film Festivaleko antolakuntzako lagunek laburmetraiak grabatuko dituzte Bizitegi elkartearen erabiltzaileekin batera eta, bukatzeko, aipatutako ordutegi horretan laburmetraiak botako dituzte. HFFek epe luzeko eta laburreko proiektuak ditu Erresuma Batuko lurralde osoan, etxerik gabeko pertsonekin lotutakoak.
Bizitegi elkartearen helburua gizarte-bazterkeria marjinazio egoeran dauden pertsonekin batera bidea egitea da, gizarte-sentsibilizazioan murgilduz. Bizitegik Bilboko kaleetan kronikoki egoera larrian bizi diren pertsonak laguntzen ditu, hirian dauden baliabideak ezagutaraziaz.
Zinemaldira joateko izena eman behar duzu bizitegi@bizitegi.org helbidera posta elektronikoa bidaliz.