Otxarkoagak Nagusientzako Antzerki eta Abesbatza Hamabostaldiaren edizio berri bat hartiuko du

uriola.eus 2016ko abe. 7a, 10:00

Astelehen honetatik aurrera, Otxarkoaga auzoak Nagusientzako Antzerki eta Abesbatza Hamabostaldia jasoko du. Protagonista nagusiak, Bizkaiko eta Arabako pertsona nagusien elkarteetako hogei bat abesbatza eta antzerki talde izango dira. 

Urtero zaleek osatutako antzerki taldeen lana erakusten duen XV. Antzerki Astea Otxarkoagako Udaltegian izango da, eta bertan emanaldiak eskainiko dira abenduaren 13, 15, 19, 21 eta 23an. Horrela, sei antzezlan programatu dira, komediak batez ere. Lehenengo emanaldia Gernikako Gure arbola zaharra taldearen Nunca es tarde izango da. Berrikuntza gisa, programak aurten bakarrizketa saio bat ere jasoko du, abenduaren 17an, Maribel Salas eta Asier Hormaza antzezle ezagunekin.

Antzerki astea emanaldi hauekin osatuko da: No hay ladron que por bien no venga, Gasteizko Las 4 torres taldearen eskutik; El ambulatorio y Karmelo, Urretxu – Zumarragako Irri Makilarekin; El hogar en verso, Santurtziko Boreal taldearekin; eta Ni tan mal, Txurdinaga - Otxarkoagako Beti Gazte taldearekin. Antzerki ikuskizunetara joateko beharrezkoa izango da dagokion gonbidapena jasotzea Otxarkoaga-Txurdinagako Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkartearen egoitzan edo Otxarkoagako udaltegian. Biak ere Pau Casals Etorbidearen 19. zenbakian daude.

XII. Abesbatza Asteari dagokionez, datorren astelehenean, abenduaren 12an hasiko da, Leioako 'Errekalde', San Adriango 'Gure Kabi' eta Otxarkoagako Abesbatza Elkartearekin. Gainerako kontzertuak abenduaren 14, 16, 20 eta 22an izango dira, eta guztira nagusien 15 taldek hartuko dute parte, Bilbokoak batez ere, baina baita Lekeitio, Trapaga, Durango edo Santurtzi bezalako beste udalerri batzuetakoak ere.

Musika zein antzerki emanaldi guztiak Otxarkoagako Udaltegian izango dira, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Sarrera librea izango da, gonbidapenarekin.

Informazio gehiago hemen.