Goizalde Eskaut taldeko kideak izango dira gurean, Otxarkoagako Merkatari elkartea, 1968an sortutako Otxarkoagako familia elkartea, Gazte asanbladako kideak... Usadio zaharrak ere ezagutuko ditugu Justu egune esaterako, 26 urte pasa dira Otxarkoagako Pa-Ya euskal kultura elkarteak Begoñaldeko auzotarren artean galduta zegoen ohitura berreskuratu zuela. 1995ean Justu Eguneko ospakizuna antolatzeari ekin zion elkarteak eta harrezkero urtero Arbolantxa auzoan eta Tetuane landan izan ospatzen da. Arbolantxa bidean dago, Avril mendiaren magalean dagoen Otxarkoaga Formakuntza Zentroko kideak ere izango dira gurean, zentroak 50 urte bete berri ditu.
Aurten hogei urte beteko dira Zenbat Gara elkarteak Bilbo Hiria irratia sortu zuela, Bilboko Kafe Antzokia sortu eta bi urtera, hain zuzen ere. Bilbo Hiria irratia 1997ko udaberrian FM irrati gisa sortu zen 96.0 dialean. Urte guzti hauetan gure mikrofonoetatik makina bat lagun ibili da, elkarte eta erakunde ugariri aukera eskaini diegu beren jardunaren berri eman dezaten. Urte honetan Bilbo Hiria auzoz auzo ekimenaren bidez, auzoen errealitatea bertatik bertara ezagutzeko asmoa dugu. Urtarrilaren 28an Otxarkoagatik zuzen zuzenean arituko gara, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara. Auzoek hiriko erdigunearekin duten erlazioa ezagutzeaz gain bertoko izaera ere ekarri nahi dugu gure mikrofonoetara.